https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iparralden euskara batua sortzeko burututako lanak, erakusketara

Pertsona batzuk, erakusketaz gozatzen./Euskaltzaindia
Pertsona batzuk, erakusketaz gozatzen. / Euskaltzaindia

1964ko Baionan euskara baturako eginiko ekarpenak bertako Euskal Museoan daude ikusgai urtarrilaren 13ra bitarte panelen, testigantzen, irudien eta dokumentu originalen bidez. Azaltzen da nola sumatu zuten euskara bateratu baten premia, eta era berean, euskalkien aniztasuna mantentzekoa

AMALIA IBARGUTXI

Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena gogoratu eta aztertu zuten Baionan, Euskaltzaindiak irailean antolatutako 'Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018' kolokioan. 1960. hamarkadaren hasieran ekarpen esanguratsua egin zitzaion euskararen batasun prozesuari Ipar Euskal Herritik, eta garai hori du muinean orain Baionan antolatu den erakusketak.

1964ko Baionako batzar horietan euskara batuari eginiko ekarpenak Baionako Euskal Museoan daude ikusgai urtarrilaren 13ra bitarte. Panelen, testigantzen, irudien eta dokumentu originalen bidez azaltzen da nola sumatu zuten euskara bateratu baten premia, eta era berean, euskalkien aniztasuna mantentzekoa. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatzarau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak geroa izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu.

Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren, eta era berean, euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Lantaldeak proposamen zehatzak egin zituen: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat. Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira 1964an, eta 1968ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.

Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean, Txillardegirekin lanean: Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos