https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ipar Euskal Herriko sortzaileek ere badute bere lekua Azokan

Thierry Biscaryren azken lana aurkeztu du Azokan./DV
Thierry Biscaryren azken lana aurkeztu du Azokan. / DV

Guztira, 439 produktu izango ditugu 247 stand ezberdinetan banatuta. Ekoizpen horien %10 Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan sortutakoak izango dira. Bederatzi erakusmahaietan banatuta, 48 berritasun izango dituzte salgai: 27 liburu, 20 disko eta egutegi bat. Horrez gain, 12 kultura ekitaldi antolatu dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Durangoko Azoka euskal kulturgintzaren erakusleiho ezagunena da. Heldu eta gazteek bat egiten dute bertan, lan berrien aurkezpen, kontzertu eta hitzaldietan. Nobedadeak deskubritzeko aproposak izan ohi dira disko eta liburu azokak, eta nolabait, egungo produkzio horren isla ere badira. Guztira, 439 produktu izango ditugu 247 stand ezberdinetan banatuta. Horrez gain, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira Azokako gune ezberdinetan. Iparraldeko sortzaileek ere izango dute bere lekua.

Nobedadez eta ekitaldiz josita heldu da, ohitura denez, Durangoko Azoka. Euskal Herriko lurralde guztietako sortzaileek parte hartuko dute bertan, baita Ipar Euskal Herrikoek ere. Ekoizpenen %10 Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan sortutakoak izango dira. Bederatzi erakusmahaietan banatuta, 48 berritasun izango dira salgai: 27 liburu, 20 disko eta egutegi bat. Horrez gain, 12 kultura ekitaldi antolatu dituzte, kontzertu, hitzaldi, liburu aurkezpen eta gainerako ekimenen artean.

Parte hartzaileen kasuan, aurten Iparraldeko 11 egitura izango dira Azokan: Maiatz, Ikas, Gatuzain, Zortziko eta Elkar argitaletxeak; Agorila, ZTK, Saroia eta Belarri diskoetxeak; Iparraldeko Ikastolak erakundea; eta, azkenik, Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak autoekoizpena, guztiak Goienkale kaleko 21 eta 29 zenbakien artean banatuta. Elkar-en erakusmahaian ere Ipar Euskal Herriko adarra egongo da. Horrez gain, Autoekoizleen Plazan bertako talde bat egongo da.

Halaber, Ipar Euskal Herriko artista eta sortzaileak Durangoko Azokan artista eta idazleek eskainiko dituzten hitzorduen artean daude, besteak beste: Thierry Biscaryren azken lanaren aurkezpena, Jakes Sarraillet eta Xabier Zabaltzaren mintzaldia 'Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzeren denboran' liburuaren inguruan, Maddi Zubeldiaren 'Zimurrak Baleki' (Belarri, 2018) diskoaren aurkezpen kontzertua eta Xabier Erkizia eta Arantxa Iturberen 'Afoniak' ikuskizuna, liburuzainen lanari esker bildutako euskal idazleen informazioa eta ahotsak oinarri dituen emanaldi esperimentala.

Hamabi urte bete dira Gerediaga Elkartearen eta EKE Euskal Kultur Erakundea lankidetzan ari direnetik, Ipar Euskal Herriko ekoizpenei ikusgarritasuna emateko. Igandera bitarte, abenduak 9, egongo da martxan Azokak prestatutako eskaintza.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos