Iñurrategi anaiak izango dira protagonista BBK Mendi Film Jaialdian
Abenduaren 4tik 13ra bitartean norbanakoek mendia, natura eta abentura hizpide dituzten hainbat ekoizpenez gozatzeko aukera izango dute
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 4 abendua 2020, 21:08
Iñurrategi anaiak izango dira protagonista BBK Mendi Film Jaialdian. Aurtengo ezohiko edizioak kokaleku bi izango ditu: batetik, Bilboko Euskalduna jauregia, Golem Zinema-aretoak eta BBK Aretoa; eta, bestetik, streaming bidez eskainiko dira ikus-entzunezkook.
Ostiral honetan izan da hasierako ekitaldia, arratsaldeko zazpietatik aurrera, 'Salto is the King' filmaren estreinaldiaren bidez. Bertan ikus-entzuleek Venezuelako Salto del Ángel urjauzi sinestezinaren irudiez gozatu ahal izan dute. Hala, 2016. urtean festibaleko garaikur nagusia eskuratu zuen Pavol Barabas zinemagile eslovakiarra Bizkaiko hiriburura bueltatu da, bere beste ekoizpen honekin.
Txapelketatik at, Zabalandi sailaren barnean Euskalduna Jauregira ostiralean bertaratu zirenek, 'Arriesgarse a vivir' ekoizpenaz gozatu ahal izan zuten. The Walk On Project erakundeak sustatutako filmak kemenez betetako mezu positiboa du hizpide, bertako protagonisten bizipen eta gogoetetan oinarritutakoak. Bertan egungo mendizale ospetsuenetarikoak ageri dira, hala nola, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi, Romano Benet edota Didac Vila.
Gaur, berriz, aurtengo protagonisten eguna izango da, Felix eta Alberto Iñurrategi anaiei bideratutakoa, alegia. Izan ere, oraintsu Felix Iñurrategi Himalaian (Nepal) zendu zeneko 20. urteurrena bete da. Hori dela medio, 'Mendiari bihotz emanak' komiki-liburua plazaratu dute Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok, bere pertsonaia aintzatestea bilatzen duena. Liburuaren aurkezpena bere anaia den Alberto Iñurrategik gauzatuko du arratsaldeko 17.30ean abiatuta Euskalduna Jauregian.
Aurtengo beste omenduetako bat Baltistan Fundazioa izango da, Pakistango eskualde haretan mendizaletasunaren bitartez gizartearen hobekuntzarako egitasmoak martxan jartzen dituen erakundea dena, hain zuzen ere. Hortaz, WOP Saria eskainiko diote fundazioari kokaleku berberean arratsaldeko zazpietan.
Aipatu bezala, streaming bidez zein Bizkaiko hiriburuan bertan norbanakoek mendia, natura eta abentura hizpide dituzten hainbat ekoizpenez gozatzeko aukera izango dute. Eskaintzaren artean sei ekoizpenen estreinaldiak daude, horietako bost euskal produkzioak dira: 'Aterpean ateri', 'Arriesgarse a vivir', 'Iparraldean', 'Mendian hil, hirian hil' eta 'Urmuga'. Bestea Extremadurako film bat da, 'Jurria: Guardianes del garrote' izenekoa
Jaialdiaren informazio eta xehetasun gehiago nahi izanez gero, eskuragai dago mendifilmfestival.com webgunean.