Borrar
Leire Vargas idazlea, 'Dena ametsa den irudipena' liburuarekin.
Leire Vargas Idazlea

«Ez dut inolako leziorik eman nahi, sentitzen dudana kanporatzeko bide bat da poesia»

Gazteak 'Dena ametsa den irudipena' Irun Hiria saria irabazi duen poesia liburua aurkeztuko du

Nahikari Cayado

Astelehena, 6 abendua 2021, 10:35

Comenta

Hemeretzi urterekin, Leire Vargas durangarrak Irun Hiria saria jaso du euskarazko poesiaren alorrean. 'Dena ametsa den irudipena' izeneko bildumak asko du pertsonaletik, eta idazlea literatura modu oso zainduan saiatzen da bere sentimenduak eta esperientziak transmititzen irakurleari.

- Harrigarria da hemeretzi urteko neska gazte batek poesiarekiko interesa agertzea. Zerk bultzatu zintuen poesia idaztera?

- Era inkontzientean hasi nintzen poesia idazten. Beti gustatu izan zait irakurtzea, eta nerabezaro hasieran prosa irakurtzen nuen gehien bat. Bertan egiten ziren poesiarekiko erreferentziek eta eskolan landu genuenak arreta piztu zidala suposatzen dut. Eguneroko batean egin nezakeen bezala, modu naturalean hasi nintzen sentimenduak idazten, burura etortzen zitzaizkidan esaldi solteak hitz neurtuan idaztea ateratzen zitzaidan, paperean horiek garatzea. Urte batzuk geroago konturatu nintzen bazegoela hor nolabaiteko asmo poetiko bat, estetika zehatz baten bilaketaren zantzuak.

- Zer transmititu nahi duzu zure poesiarekin?

- Ez nuke esango helburu zehatz batekin idazten dudanik. Niretzako idazten dut, neure burua ulertzeko ariketa gisa eta nire bizimoduaren parte bezala. Poesiaren kasuan, automatiko samarra da maiz. Gero, zuzenketa egiten dudanean hasten naiz konturatzen zer den egin dudana, kontuan hartzen nola irakurtzen den. Eta esango nuke hor ikusi dudala normalean txikitasunetik, pertsonaletik, sentimenduak islatzen ditudala. Irakurleak nire hitzetan zerbait ezaguna aurkitzea gustatuko litzaidake, irudika dezakeen esperientzia bat, agian hurbiletik bizi izan duen zerbait beste perspektiba batetik ikustera daramana…

- Sariak aukera eman dizu zure lehen liburua argitaratzeko eta Durangoko Azokan aurkeztuko. Gazte batek bere buruarekin, gizartearekin eta bikotekidearekin dituen barne-minak eta ezintasunak irudikatzen dituzu bertan.

- Poz eta ilusio handia izan zen sari hori jasotzea. Une oso aproposean etorri zen, nahiko nenbilelako zalantzan jartzen nire idazletasuna eta, beraz, aitortza eskertu nuelako. Berme bat bezalakoa da, ondo noanaren seinalea. Pertsonaletik asko dago liburuan, nire sentimenduak eta esperientziak. Eta testu batzuk fikzionatuak ere badira. Hizkuntzari dagokionez, baliabide literarioz nahiko jantzita dagoela esango nuke, edo, behintzat, hori zen asmoa: atmosfera eta iruditegi bat sortzen saiatzea, gauzak esplizituki esan beharrean, sentsazioak irudien bidez transmititzea. Beste alde batetik, bikote harremanez bainoago, harreman interpertsonalen inguruan dihardu lanak. Badago bikote harremanetik, baina baita senideen arteko harremanetik ere, eta laguntasun harremanetatik.

Txoko txiki batetik

- Nola definitzen duzu zure poesia estiloa?

- Oso pertsonala da, gorputz baten barruko txoko txiki batetik piztutako modukoa. Unibertsalak diren gauzen gainean idazten dudala esango nuke, baina nire ikuspuntu propiotik betiere. Ez dut inolako leziorik eman nahi, sentitzen dudana kanporatzeko bide bat da. Norbere kontraesanen inguruko barne-eztabaidak pisu handia dauka lanean, hain zuzen ere.

- Zeintzuk dira gehien estimatzen dituzun idazleak?

- Sylvia Plath, Federico García Lorca, Gloria Fortún, Sally Rooney, Virginia Woolf, Raymond Carver… Eta etxekoak ere bai: Miren Agur Meabe eta Eider Rodriguez, esaterako. Asko dira, oso irakurzalea naiz.

- Zure adineko gazte askok onartzen dute, hala ere, irakurketarekiko interesik ez izatea. Zure ustez, zein da horren zergatia?

- Ez dut ulertzen, niri asko gustatzen zait eta. Ez daukat galdera hau erantzuteko datu ofizialik ezta aparteko autoritaterik ere, baina hori horrela bada, esango nuke adin ezberdinetako jendeak, orokorrean, asko irakurtzen ez duelako dela seguruenik. Literatura eskura daukagu gaur egun, baina ez da oso popularra, eta gazteen kasua horren isla baino ez da.

- Bertsolaria ere bazara, diziplina horrek gazteak gehiago erakartzen dituela uste duzu?

- Ez dakit ze puntutaraino naizen egokia ni galdera hori erantzuteko, baina tira. Nire ustez, bertsolaritzak umorearekin lotura handiagoa dauka poesiak edo prosak baino. Poesia metaforekin eta testua sakonki aztertzera zaramatzaten baliabide literarioekin lotzen da, eta uste dut agian horrek jende bati atzerakada eragiten diola. Denetik dago bietan ere, edonola, estilo ezberdinak dira.

- Nolanahi ere, idazle gazteen poesia indartsu dator Azokaren aurtengo edizioan, pandemiak eraginik izan al du gorakada honetan?

- Antropologo edo soziologo batek izango ditu honi buruzko datuak nik baino hobeto seguruenik, baina nire kasuan horrela izan da. Egia da berrogeialdian betiko eginbeharretatik etenaldi bat egin nuela eta aprobetxatu nuela aurretik idatzita neukana birbegiratzeko, zuzentzeko eta forma emateko. Hortik sortu zen 'Dena ametsa den irudipena'. Agian, nik egin dudan antzera egin dute beste askok. Horrela bada, pandemiak behintzat pozteko zeozer eman digun seinale! Joera hori erreala bada, aurrera jarraitzea espero dut. Jarrai dezagun bidea egiten.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ez dut inolako leziorik eman nahi, sentitzen dudana kanporatzeko bide bat da poesia»

«Ez dut inolako leziorik eman nahi, sentitzen dudana kanporatzeko bide bat da poesia»