https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Inoiz baino euskal film gehiago

'Oreina', Koldo Almandoz. / EL CORREO
'Oreina', Koldo Almandoz. / EL CORREO

Hogei euskal ekoizpen aurkeztuko dira 66. Zinemaldiaren edizio honetan; haietako hamalau, euskaraz

IRAITZ URKULO

Aurtengo Donostia Zinemaldian euskal filmak inoiz baino ugariagoak izango dira. Guztira hogei euskal ekoizpen eskainiko ditu Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan eta Euskal Zinemaren eta EiTBren galetan.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu: fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak, zuzendari berrienak zein ibilbide luzeko zinemagileenak. 'Mudar la piel' filmak emango dio hasiera sailari, eta 'Black is beltza' proiektatuko da klausurako ekitaldian. Horren barruan, munduko estreinaldia izango duten hamabost film luze lehiatuko dira Irizar Saria lortzeko. Euskal Zinemaren Galan, bestalde, Ramon Agirre aktoreak Zinemira Saria jasoko du.

Hona hemen Zinemaldian parte hartuko duten euskarazko filmen aurkezpen laburra, sailka antolatuta.

Euskal Zinemaren Galan, Ramon Agirrek Zinemira Saria jasoko du

Sail Ofiziala

Aurten ere euskaraz filmatutako ekoizpen bat izango dugu Sail Ofizialean. Izan ere, Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) Ekoizpen Bereziak atalean aurkeztuko du bere azken lana: 'Dantza'. Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat da, eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die, bizitza erritmoa baita. Gai unibertsalak ageri dira, dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokion sinbologia berezi batez jantziak. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da.

New Directors

Koldo Almandozek (Donostia, 1973) 'Oreina' aurkeztuko du, bere bigarren film luzea. Haren eskutik Kutxabank-New Directors Saria lortzeko lehian egongo da. Filmaren protagonista, Khalil gazte arroztua, hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalilek ahal bezala egiten du aurrera, egunak ezkutatutako agure batekin igaroz. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egiten ez duela. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.

Zinemira

Joaquín Calderón zuzendariak (Iruña, 1968) Agus Barandiaran musikariaren familia-baserriaren galera hartu du abiapuntu 'Basque Selfie' filmean. Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak, bere amesgaiztorik latzenari aurre egin beharko dio: 1540ko bere baserria eraitsi nahi dute errepide berria egiteko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz gehiago da etxea: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioaren gotorlekua.

'Black is beltza' Fermin Muguruza musikariak (Irun, 1963) zuzendutako animazioko filma da. Berak sortutako izenburu bereko eleberri grafikoa pantaila handira eraman du. Istorioa 1965eko urrian kokatuta dago eta, Ameriketan dabilen Manexen eskutik, garai hartan gizartea irauli zuten gertakariak ezagutuko ditugu: Malcolm Xen heriotzagatiko mobilizazioak, Black Pantherren eta Kubako zerbitzu sekretuaren arteko harremana, hippy mugimendua, etab.

'Errementari' Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) lehen film luzea da. Iaz Sitgesko zinema-jaialdian estreinatu zenez, Irizar Saria lortzeko lehiatu ezingo den euskarazko film bakarra izango da. Istorioa 1833ko Karlistaldiaren ondoren kokatzen da, Arabako herrixka batean. Patxi izeneko errementari bakartia bizi da bertan. Herritarrek hilketei eta deabruarekiko itunei buruzko istorioak kontatzen dituzte hari buruz. Egun batean, haur bat errementerian sartuko da eta agerian utziko du Patxiren sekretu lazgarria.

'Gure oroitzapenak' filmean hamabi zinemagilek Joseba Sarrionandiaren unibertso anitza erretratatu dute. Izan ere, Sarrionandiak izaera poliedrikoa du; ez soilik literatura molde guztiak landu dituelako, baita ezin konta ahala munduz osatutako bere iruditeria propioa sortzeko gai izan delako ere. Beraz, filmean haren literaturan ohikoak diren elementu asko ageri dira: itsasoa, haurtzaroa, trenak, ihesa, erbestea, fantasia…

'Izaro' izeneko dokumentalak Txuspo Poyo (Altsasu, 1963) artistaren debuta dakar. Bertan, Bermeo eta Mundaka arteko uhartearen identitatea, historia eta legatua aztertzen du.

Josu Martinezek (Bilbo, 1986) 'Jainkoak ez dit barkatzen' estreinatuko du. Filmak Lezo Urreiztietaren istorioa kontatzen du. 1907an jaioa, bere bizitza arriskuan jarri eta ehunka pertsonena salbatu zuen, Bilbon armaz betetako hamazazpi itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean, Franco akabatzear egon zen… Martin Ugalde idazleak 1975. eta 1978. urteen artean harekin izandako elkarrizketa batzuetan oinarrituta, filmak XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotasuna eskaintzen digu.

'Margolaria' Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetari eta musikariaren lehenengo film luzea da, Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez izandako elkarrizketa batek abiarazitako bidaia-kontakizuna. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli opari, baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera haren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan murgilduko gara.

Kimuak

Zinemira sailaren barruko Kimuak programan euskarazko lau film labur aurkeztuko dira: Pello Gutierrezen 'Zain', Iban del Camporen 'Espedizio handia', Sara Fantovaren 'Ez nazazue esnatu' eta Zinemaldian parte hartze hirukoitza izango duen Josu Martinezen 'Ama'.

Fantovaren filma 2009an kokatuta dago, Bilbon. Jone DBHko 4. mailako ikaslea da giro abertzaleko institutu batean. Aita Eusko Jaurlaritzako kargu politiko izendatzearen ondorioz, eskolta jarriko diote eta ordura arteko bizimodua galduko du.

Josu Martinezen 'Ama', aldiz, 1915eko udan kokatzen da, Nafarroa Behereko Baigorri herriko auzo urrun batean. Bertan, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.

Culinary Zinema

Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuaren 'Bihar dok 13' filmean, Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle duela berrogeita hamar urte euskal artearen eta musikaren ikuspegia berritu zuten Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduetako artelanetan inspiratuko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos