Borrar
Iñigo Iraultza, Olentzero gisa, Filipinetara egindako bidaia batean.
Iñigo Iraultza García: «Etxean, kalean eta bidaietan beti saiatzen naiz euskaraz berba egiten»

Iñigo Iraultza García: «Etxean, kalean eta bidaietan beti saiatzen naiz euskaraz berba egiten»

'Olentzero Munduan' eta Euskaraldia ·

Getxoko aktorea Norvegian dago gaur egun, 'Olentzero Munduan' proiektuarekin buru-belarri, eta handik Finlandiara joango da hemendik gutxira

Paul Picado

Lunes, 30 de noviembre 2020, 02:17

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iñigo Iraultza García 'Iru' getxoztar ameslaria dugu. Aktore eta zuzendari gisa ari da lanean gaur egun, baina saltsa guztietan dabilenez, Norvegian harrapatu dugu, Olentzeroren biloba gisa, Euskaditik bildutako gutunak handik Finlandiara eramateko asmoarekin. Ez daki finlandieraz, baina berak dioenez, etxean eta kalean behintzat euskaraz hitz egiten saiatzen da.

Kaleko antzerkia aberasgarriena da berarentzat, baina argi dago jendearekin harreman zuzena izatea dela gehien asetzen duena. Horregatik, hain zuzen ere, arlo askotan lan egin du, besteak beste, bikoizle, aktore, kantari eta zuzendari gisa. Prestakuntzari dagokionez ere, ez du denborarik galdu. Etengabe ikasi nahi duen horietako bat dugu, beraz, ez dakigu hemendik hilabetera non ikusiko ote dugun.

-'Olentzero Munduan'. Zertan datza proiektu hori?

-Ideia duela zenbait urte sortu zen. Gabonak zirela eta, Olentzero lanak burutu behar izan nituen Bilboko auzo batean, umeen gutunak jasotzen, eta gutun horietako asko ume etorkinen gutunak ziren. Gutun horietan, umeek bere jaioterrian utzitako senideentzako opariak eskatzen zituzten. Ideia hori buruan bueltaka izan nuen, eta, hasieran, munduan zehar bidaiatzen zuen Olentzeroren bilobaren inguruko istorio bat idazten hasi nintzen. Istorioa idazten ari nintzela nik neuk Olentzeroren bilobaren papera bete nezakeela pentsatu nuen, eta zenbait lagunen laguntzarekin ekimena gorpuzten hasi zen. Opariek ez dute zertan materialak izan behar, eta, sarritan, gutunak edota bideo-mezuak izaten dira. Familiek esker handiz eta hunkituta hartzen dituzte gutunak, eta duten guztia eskaintzen dizute. Kontinente guztietatik ibili naiz eta bidai hauei esker. Gainera, gurea den ohitura bat munduan zehar ezagutzera emateko aukera dugu, eta, bide batez, guk geuk ere beste herrialdeetako ohitura ere ezagutzeko aukera izan dugu.

-Baina proiektu horretaz aparte zuk denetarik egin duzu... Zer zara aktorea, aurkezlea, zuzendaria?

-Galdera ona! Ba oraintxe bertan, 'Olentzero Munduan' egitasmoaz aparte, aktorea eta zuzendari bezala nabil lanean, baina galdetzen badidazu hurrengo hilabetean erantzuna desberdina izan daiteke, ziur. Horrelakoa da bizitza, eta, nire burua, egunero aldatzeko nahian.

-Zinean, telebistan, eta antzerkian aritutakoa zara. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

-Hiruretan gustura sentitzen naiz, bakoitzak bere xarma du, baina egia esan, kaleko antzerkia egitea oso aberasgarria da niretzat, inprobisazioa, lankideekin eta publikoarekin harreman zuzena, bizi-bizi egon behar zara ezusteko gauza eta kaleko bizitzarekin bat egiteko. Ikaragarria! Anitz gozatzen dut.

-Zuk antzina zegoen B ereduan ikasi zenuen eskolan, baina gero ez duzu inolako zailtasunik izan euskaraz ondo hitz egiteko, ezta? Goenkalen ibili zara aktore gisa...

-Bai, Zubilletas eskolan (Getxo) ikasi, hazi eta hegan egin genuen, baina ia dena euskaraz egiten genuen. Duela pilo bat Goenkalen ibili nintzen, egia da, Gorka Totorikaguenaren pertsonaia defendatzen, oroitzapen politak eta gogorrak ditut. Lehengo hilabeteetan asko kostatu zitzaidan, baina poliki poliki segurtasuna eta konfiantza hartu nuen. Telebistako nire lehenengo papera zen, eta euskaraz. Egokitzeko denbora pasa eta gero oso gustura egon nintzen, lankideen arteko harremana oso ona zen, gainera. Bazegoen euskarazko arduraduna, berak asko lagundu zidan. Ia Ia sekuentzia guztiak Itziar Ituñorekin izan nituen eta berarekin ere asko ikasi nuen, oso pertsona berezia da. Azken finean, Goenkale telesaila, euskal aktoreentzako ikastola izan da.

-Euskaraldiari begira, zer zara, ahobizi ala belarriprest?

-Ahobizi, belarriprest eta bihotzbizi izango nintzateke, baina aukeratu behar badut ahobizi!

-Zure ama-hizkuntza ez da euskara, baina etxean zer hizkuntza erabiltzen duzu zure bikotearekin eta etxeko txikiarekin?

-Etxean eta kalean beti saiatzen naiz euskaraz berba egiten, egia esan.

-Zure aktore lanetara bueltatuz, kanpoan ibilitakoa zara ere bai. Zer moduz esaterako Tele 5 kateko 'Escenas de matrimonio' telesailean, edo La Sexta-ko 'La que se avecina' saioan?

-Oso ondo! Beharrezkoa eta eskertzekoa da kanpora ateratzea eta lantalde berri batekin lan egitea, izan ere, beste erregistroetan murgiltzen zarenean asko ikasten duzu. Gehienetan ez ditut ikusten telesail horiek, baina oso bitxiak dira barnetik ezagutzen badituzu.

-Prestakuntzari dagokionez, besteak beste, ahotsa, dantza garaikidea, interpretazioa eta eszena-zuzendaritza egin dituzu. Kantua, dantza eta bikoizketa ere egin dituzula ikusi dut. Zer arlotan gustatuko litzaizuke finkatzea? Ala 'espiritu libre' horietako bat zara?

-Atal bakoitzean gozatzen dut, eta guztiak elkarri lotuta daudenez, bakoitza beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera dut. Azken finean, nire lana jokoan oinarrituta dago, hainbat hizkuntza elkartzean eta ikusleekin zuzeneko komunikazioa lantzean, hain zuzen.

-Afrika Bibang-en 'Sua' kantaren bideo-klipean parte hartu duzu ere bai. Kantua ere ikasi duzula aprobetxatuz, abestera ere animatuko zara inoiz?

-Bai, asko abesten dut eta oso ondo pasatzen dut. Hainbat taldetan aritu naiz abeslari bezala, amateur moduan beti. Irushima mojamuto taldearekin ibili nintzen, CD bat grabatu genuen eta uda batean herriko jai batzuetan jotzeko aurkeztu genuen geure burua eta jai batzordekoek lehenengo abestia entzuterakoan «Hauxe? Ni pa txosnas!!!» esan zuten...

-Zer daukazu orain esku artean?

-Ba, Norvegian nago momentu honetan, aurten 'Olentzero munduan' egitasmoarekin Finlandiara bidaiatuko dut, eta hemen nago abentura prestatzen. Aurten, bizitzen ari garen egoeragatik, jende askok ezin izan ditu agurtu maite dituen pertsonak, hau da, azken agurra egin, nahi eta behar zuten bezala. Orduan, Olentzerok agurtzeko azken esaldi horiek jaso ditu, gutunen bitartez eta eramango ditu ipar iparralderaino, Bernardo Atxagak bere olerkian esaten duenez:

Egun finlandiar luze bat nahi nuke izan

zurekin hizketan jarraitzeko

zure hitzek on egiten didate

lasaitu egiten naute barren-barrendik...

Egia da, egun finlandiar luze bat behar dugu benetako agurra sentitzeko.

Sentimenduz eta poesiaz beteriko bidaia izango dela sumatzen dut.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios