https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Ingurune digitalean egoteak garrantzia handia du hizkuntzen biziraupenerako»

Andras Kornai hungariar hizkuntzalari matematikoak Euskal Soziolinguistika Jardunaldian ohartarazi du aste honetan hizkuntzek eremu digitalean dituzten arriskuez: hizkuntza handi eta txikien arteko arrakala gero eta nabariagoa da

AMALIA IBARGUTXI

'Nola salbatu hizkuntza bat heriotza digitaletik?' izeneko aurkezpenarekin ekin zion asteartean Andras Kornai hungariar hizkuntzalari matematikoak Euskal Soziolinguistika Jardunaldiari, Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak jardunaldiari hasiera eman eta gero.

Aurtengo Bilboko Bizkaia Aretoan egindako hizketaldian, hizkuntzen biziraupenerako ingurune digitalean egoteak duen garrantzia nabarmendu zuen Kornaik, mundu mailako ehunka hizkuntzaren inguruan egindako ikerketaren gaineko xehetasunetan oinarrituta. Hizkuntzen heriotza digitalaren adierazgarritzat jo zituen, hain zuzen, sareko presentzia urria edota natibo digitalen komunitatea ahula edukitzea.

Ez da izan inguru digitala eta euskara jorratu zituen bakarra. Maite Goñik (Euskararen Aholku Batzordea) inguru digitalean euskarak zer behar duen ikusteko egindako lana aurkeztu eta 2020ra begirako egitekoak identifikatu zituen; Josu Waliñok (PuntuEUS Fundazioa) euskara muinean izango duen estrategia digitalerako ardatzak izendatu zituen, «bitartekotza, burujabetza teknologikoa, edukien garapena, sustapena eta gidaritzaren garrantzia»; Arantza Diaz de Illarrazak (Ixa taldea) azaldu zuen hizkuntzek teknologiarekin elkarbizitza ona beharko dutela, bizirik jarraitu nahi badute.

Elhuyar Fundazioko Josu Aztiriak ere, hizkuntza handi eta txikien arteko «arrakala teknologikoaz» ohartarazi zuen, handitzen ari omen da eta. Burujabetza teknologikoa, hizkuntza-teknologien berariazko planak eta bertako zentro teknologikoen indartzea ezinbestekotzat jo zituen biziraupen horretarako. Euskal Wikilarien Elkarteko Aitzol Astigarragak gaineratu zuen, hala ere, ez dela nahikoa euskarazko edukiak sortzea, eta horien erabilera edo kontsumoa sustatzearen garrantzian sakondu zuen.

Hizketaldiez gain, hizkuntzaren gaineko tailerrak ere egin zituzten. Gipuzkoako hizkuntza aniztasunaren mapa landu zuten generoa, eskualdeak eta immigrazioa aintzat hartuta, eta tokian tokiko hizkuntza aktibaziorako gakoen inguruan ere aritu ziren.

'Hausnartu' sarien banaketarekin amaitu ziren jardunaldiak. Izaskun Kuartango, Miren Artetxe eta Irati Lizeagak jaso zituzten sariok, eta euren lanen nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratutakoei. Lizeagak Lintzirin merkataritza gunearen inpaktu linguistikoaz egindako ikerlana aurkeztu zuen; Artetxek Iparraldeko bertsolari hiztun berri gazteen legitimazio prozesuak izan zituen hizpide; eta Kuartangok, azkenik, administrazioaren jardueraren ebaluazioan jarri zuen arreta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos