https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskarari buruz hausnartuko dute bihar, Donostian

Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskarari buruz hausnartuko dute bihar, Donostian

Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoa hasiko da ostegunean Tabakaleran, kultura garaikidearen nazioarteko zentroan. Jardunaldian garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa ingurune digitalaren bitartez

EL CORREO

Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoa hasiko da bihar Donostiako Tabakaleran, 'Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara' izenburupean. Euskararen Akademiak jakinarazi duenaren arabera, bi egun iraungo duen jardunaldian garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa ingurune digitalaren bitartez, eta 21 adituk parte hartuko dute. Jardunaldi hori gainera, Iñigo Urkulluk banda zabalaren inguruan egindako adierazpenak baino egun bat beranduago ospatuko da. Izan ere, lehendakariak esan zuen banda zabalaren estaldura 2020ko bukaerarako «ia Euskadi osora» iritsiko dela.

Mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolaturiko hamargarren eta azken jardunaldian parte hartuko duten aditu eta hizlarien artean daude, besteak beste, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide eta Patxi Uribarren euskaltzainak, Iolanda Fernández Casal (Real Academia Galega), Hans Van de Velde (Fryske Akademy), Vincenç Rivière (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana), Joaquim Rafel (Institut d'Estudis Catalans), Josu Aztiria (Elhuyar), Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea), eta Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea.

Bertan, ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara aztertuko dira, helburu jakin batzuk bilatuz: garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan eguneroko eta ezinbesteko bihurtu den ingurune digitalaren bitartez.

Horrez gain, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera aurrera egitea da helburua, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak euskararen inguruan dituen premiei erantzun egokia eman nahian.

Jardunaldia bihar ostegunean hasiko da, goizeko 09:00etan, erakunde desberdinetako ordezkariei egingo zaien harrerarekin, eta Euskaltzaindiaren Youtube-ko atarian streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Amaiera ekitaldia, urriaren 5ean

Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak urriaren 5ean amaituko dira Gipuzkoako Foru Aldundian egingo den ekitaldi ofizialarekin batera. Hain zuzen, jauregi horretan bertan egin zen Euskaltzaindiaren lehen osoko bilkura; bilkuran euskaltzainek Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten buru, Jose Agerre diruzain, Julio Urkixo liburuzain eta Luis Eleizalde idazkari. Horrez gain, egoitza nagusia Bilbon finkatzea erabaki zen.

Aurretiaz, baina, mendeurreneko agendak bestelako egitasmoak dakartza: erromeria herrikoia izango da Bilboko Plaza Barrian; dokumental bat, komiki bat, unitate didaktiko bat eta liburu bat aurkeztuko dira; eta azken jardunaldi akademikoa, aste honetan izango dena.

Temas

Euskera