https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ingurumenari buruzko filmen hilabetea prestatu dute Artiumen

Proiekzio bakoitzaren aurretik, Artium Bildumako artelan bat ikusiko dute bertaratutakoek. «Ingurumenarekin lotutako zenbait gairen inguruko gogoetak proposatzea» da zikloaren helburua

AMALIA IBARGUTXI

Gasteizko Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian ikusgai izandako sei dokumental eskainiko dituzte berriz ere urtarrilean zehar arabar hiriburuko Artium Museoan. «Ingurumenarekin lotutako zenbait gairen inguruko gogoetak proposatzea» da zikloaren xedea. Hilaren 15ean ekin zioten egitarauari, Lindsey Grayzel estatubatuarraren 'The Reluctant Radical' filmarekin. Proiekzio bakoitzaren aurretik, Artium Bildumako artelan bat ikusiko dute bertaratutakoek.

Urtarrilaren 16an, asteazkenez, 'La Würth Collection y la red de Museos Würth. Una experiencia expositiva de historia del arte y naturaleza en el Museo Würth La Rioja' hitzaldia egingo dute. Jarraian, Silvia Lindner-ek, Errioxako Würth Museoaren zuzendariak, eta Carmen Palacios Museo bereko erakusketen koordinatzaileak, museoak naturarekiko duen konpromisoa aurkeztuko dute.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 17an, Elena Aitzkoaren 'Monte Marina', 'Flecha' eta 'Abuela Luz' artelanak aztertuko dituzte, gero 'Hondar 2050' ikus-entzunezkoa ikusteko. Cesare Maglioni espainiarrak sortu du pieza. Urtarrilaren 22an, bestalde, Abigail Lazkozen 'Antianimismo' artelana izango da aztergai, baita Luciana Kaplan mexikarraren'Rush Hour' ere.

Urtarrilaren 24an, ostegunez, Marjin Poel alemaniarraren 'The Uncertainty Has Settled' izango da ikusgai, eta aurretik, Darío Villalbaren 'Pintura antisonora' izango dute mintzagai.

Landare-hostoetan argazkiak nola errebelatu

Larunbatean, hilak 26, familientzako tailerra prestatu dute landare-hostoetan argazkiak errebelatzen ikasteko. Sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzako tailerrean, argazkiak modu naturalean errebelatzen ikasiko dute, museoko lorategian aurki daitezkeen elementuen gainean. 17:00etatik 19:00etara egingo dute.

Azken aurreko proiekzioa urtarrilaren 28an, astelehenean, egingo dute. Chanda Chevannes kanadarraren 'Unfractured' izango da ikusgai. Azkenik, hilaren 31n, Fernando Sánchez Castilloren 'Pequeño riot' artelanaren inguruan ariko dira, eta David Gómez Rollánen 'Chamán' izango da ikusgai. Jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin izango dira ikus-entzunezko guztiok.