https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ingurumena errespetatzen ikasteko tailerrak antolatu ditu Ekoguneak

Haurrak naturaz eta ingurumenaz gozatzen. /AP
Haurrak naturaz eta ingurumenaz gozatzen. / AP

Lau urtetik gorako haurrentzako tailerrak igandero egingo dira, irailean eta urrian, Uribe Kosta osatzen duten 7 udalerrietan, hau da, Barrikan, Berangon, Getxon, Gorlizen, Leioan, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen

AMALIA IBARGUTXI

Ikasturtearekin hasten dira atzera hainbat programazio. Ekoguneak, adibidez, berriz ere heldu die natura eta ingurumenarekin zerikusia duten ekintza eta ikastaroei. Zehazki, irailean eta urrian egingo dituzte, Uribe Kostako zenbait udalerritan, ingurugiro eta birziklatzeari buruzko tailerrok.

'Inguru-Minguru' izenburupean, lau urtetik gorako haurrentzako tailerrek, «ikasturte berria proposamen berriekin» beteko dute. Igandero egingo dira, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten 7 udalerrietan: Barrikan, Berangon, Getxon, Gorlizen, Leioan, Lemoizen, Plentzian, Sopelan eta Urdulizen, hain zuzen.

Ingurumenarekiko errespetua sustatzea da tailerren helburu nagusia. Baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea eta birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatzea, besteak beste.

Horrela, irailaren 7an, Plentzian ekingo diote tailer-egutegiari. Astillero plazan 'Ama lurra: lorezaintza eta berrerabilitako loreontzien sorkuntza' aztertuko dute. Hilaren 14an, Sopelako Jauregizar plazan, txapa-iturriak berrerabiltzen irakatsiko diete haurrei, imanak, orri markatzaileak eta paparrekoak eginez. Barrikan, hilaren hirugarren igandean, Goierriko Kultur Etxean, paper birziklatua egiten ikasiko dute bertaratutakoek. Azkenik, iraileko azten tailerra Lemoizen egingo dute, Urizarreko eskolan, edarien laten eraztunak hartuta eskumuturrekoak sortuz.

Urriari dagokionez, hiru izango dira egingo dituzten tailerrak. Lehenengo, hilaren 5ean, Berangoko Merana eskolan 'Natura bizirik' tailerra egingo dute. Gero, hilaren 19an, Urdulizko Antsonekoa plazan, hostoekin animaliak nola egin ikasiko dute. Azkenik, Gorlizko Ibarreta plazan, botilen kortxoekin pertsonaiak sortuko dituzte.

Parte hartzeko, tailerretara bertaratu baino ez da egin beharko, 17:00etatik 19:00etara.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos