https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Industria Ekonomia Zirkularreko graduondokoa heltzear dago, EHUn

Industria Ekonomia Zirkularreko graduondokoa egin zuten asteartean./
Industria Ekonomia Zirkularreko graduondokoa egin zuten asteartean.

2019-2020 ikasturtean hasiko da eta 30 plaza izango ditu

EL CORREO

Industria Ekonomia Zirkularreko graduondoko berrian matrikulatu nahi direnek jakin behar dute hori egiteko epea irekita dagoela eta 2019-2020 ikasturtean hasiko dela ematen, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Gradundokoak 30 plaza eskainiko ditu, eta egiten dutenek beren gaitasunak eta prestakuntza hobetu ahalko dute arlo berri horretako profesionalen industria eskaerari erantzuteko.

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eta Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak akordioa aurkeztu zuten aurreko asteartean, Bilbon. Eta horren bidez, Estatu mailako lehen graduondokoa jarri dute martxan industriaren ikuspegiko ekonomia zirkularraren inguruan.

'Ekonomia Zirkularra: enpresa-ezarpena' da graduondokoaren izena, eta ikasleek unibertsitate adituaren titulua eskuratuko dute, EHUko ikasketa-planaren arabera. Formatu erdi-presentziala izango du eta 2019ko urritik 2020ko apirilera arte emango da, Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publiko Ihoberen eta Basque Ecodesign Center zentroaren lankidetzarekin.

3.000 lanpostu berri, hemendik 2030era

Gai horretan prestatutako profesionalen industrian existitzen den egungo eskaerari erantzun nahi zaio graduondokoaren bidez. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, ekonomia zirkularrak 580.000 lanpostu zuzen baino gehiago sor ditzake hemendik 2030era, eta Euskadik Ekonomia Zirkularreko Estrategia berrian ezarri duen helburua da arlo horretan 3.000 lanpostu berri sortzea 2030erako.

Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresa Administrazioaren arloetako gradudun eta profesional aktiboei zuzenduta dago, nahiz eta lizentziatura, diplomatura edo gradua duen edonorentzat eskuragarri dagoen, ekonomia zirkularrak diziplina anitzeko izaera baitu. Graduondokoa egiten dutenek gaitasun profesionalak osatuko eta prestakuntza hobetuko dutela nabarmentzen dute adituek, negozio eta ekoizpen jasangarriaren arloan suspertzen ari diren lanpostu aukera zabalari aurre egin ahal izateko. Gainera, ekonomia zirkularrak enpresei eman ahal dien balioa identifikatzeko gaitasunak garatuko dituzte.

Ikasketa plana bederatzi modulutan banatuko da, eta honako gai hauek landuko ditu: ekodiseinua eta ekonomia zirkularra; ekoberrikuntza negozio aukera moduan; ekonomia zirkularra enpresan; ekonomia zirkularraren testuingurua eta alderdi orokorrak; ingurumen kudeaketako tresnak enpresan; produktuen eta zerbitzuen ekoizpenaren eta kontsumoaren ondoriozko ingurumen inpaktuak; ekonomia zirkularraren kasuen deskribapena; bizitza zikloaren azterketa: kalkulurako eta komunikaziorako tresnak; produktuaren ingurumen aztarnaren kuantifikazioa. Programa osatzeko, ikasleek ikerketa lan batzuk aurkeztu beharko dituzte, titulua eskuratzeko azken urrats moduan.

Temas

Euskera