https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Indarberrituta dator literatura Azokara

Harkaitz Cano idazlea./
Harkaitz Cano idazlea.

Landako Gunean plazaratuko diren hirurehun nobedadeen artean gustu eta adin guztietara zuzendutako liburuak egongo dira

NAHIKARI CAYADO

Beste behin, Durangoko Landako Gunea luma dantza batean bilakatuko da datozen egunotan. Orain arte idatzi ez diren hitzak, istorio berriak eta estreinatu berri diren liburuak aurkitu ahal izango dituzte euskal literaturaren topagune honetara gerturatzen diren Euskal Herriko txoko guztietako kulturzaleek. 53. edizioko nobedadeen zerrenda luzeetan galtzen hasi baino lehen, hona hemen laginaren zertzelada bat. Euskadi Literatura Saria hiru aldiz jaso duen idazlea dago, Harkaitz Cano sortzailea. Lasartearrak Imanol Larzabal bihurtu du bere azken nobelaren protagonista 'Fakirraren semea'-ren (Susa) bere eleberri berrian. Fikziozko nobela hau 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte gertatutakoaz dihardu. Politikaz haratago, kantari baten ibilbidea kontatzen du; ahots zoragarri bat izateak ekar ditzakeen onurak eta nola kantari bat bihur daitekeen ahots horren mirabe.

Jon Arretxe basauritarra berriz ere izango da stanen atzean. 'Ez erran deus' (Erein) lana dakar oraingoan. Eleberri honen protagonistak ere arazoetatik ihes egin eta bakea bilatzen du beste leku batean, baina horrek ez dio migratzaile gisa aurrez aurre topatzen dituen zailtasunak konpontzen lagunduko. Horixe deskribatzen du Arretxek eleberri beltz honetan.

Askok irrikaz espero duten euskal literaturaren lana dakar Pamiela argitaletxeak aurten Azokara. 'Habanako gaukaria' izenpean itzuli da literaturara Joseba Sarrionandia idazle iurretarra. 'Ni ez naiz hemengoa' gogoangarri haren antzera, egilea Kubatik ari da orain, zintzo eta zuzen. «Lehenengo aldia da bere benetako testigantzak kontatzen dituena narrazio laburrez osaturiko liburu honetan», adierazten du Pello Elzaburu.

Emakume idazleen presentzia ere nabaria izango da Landako Gunean egunotan. Katixa Agirrek 'Amek ez dute idazten' (Elkar) bigarren eleberria argitaratu du udazken honetan. Bi emakume ditu pertsonaia nagusi lan horrek; ume bikiak hil dituena bat, erditu berri den narratzailea bestea. Sorkuntza artistikoaz eta sorkuntza biologikoaz mintzo da idazlea, hausnarketarako beta ere hartuz. Karmele Jaiok berriz, 'Nire aitaren etxea' (Elkar) eramango du Durangora. Argitaletxeari agindua dion eleberria ezin bukatu dabilen idazlea du protagonistetako bat, haren testuak zuzentzen dituen eta ezkutuan idazten hasi den emaztea, beste bat.

Gaztetxoentzat aukerak

Hamar urteren ostean, eleberri batekin itzuli da Irati Elorrieta bizkaitarra. 'Neguko argian' nobelaren (Pamiela) bitartez bi pertsonaia sortu ditu idazleak. Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan. Anesen eta Martaren ibilbideak zeharkatzen dituzten hainbat pertsonaia badatoz eta badoaz, leihoetan piztu eta itzaltzen diren argiak bezala, irristan. Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatzen ditu. Ildo berean, Susak 'Lisipe' bilduma feministari liburu berri bat gehitu dio. 'Ezagutzaren matazak' Emakin Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik datorren nobela da eta bertan gogoeta feminista kolektiboa gorpuzten dute bere egileek, ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz.

Argitaletxeek Durangoko Azokara plazaratuko dituzten ipuin liburuen artean aipatzekoak dira ere Iban Zalduaren 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' (Elkar), Iñigo Aranbarriren genero honetako lehen lanak, 'Munduko tokirik ederrena', Aritz Gorrotxategiren 'Ahazten diren gauzak'(Erein) eta baita Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' ren 25. urteko berargitalpena, edo 'Zoaz infernura, laztana' (Alberdania). Azkenengoz Kepa Altonaga bizkaitarra dago, Euskadi Literatura Saria lortu duena aurten euskarazko saiakera atalean 'Patagoniara Hazparnen barren' liburuarengatik. Landakora aldiz, 'Duvoisin kapitainaren malura' (Pamiela) narrazioarekin gerturaruko da.

Nahiz eta hemen izenburu apur batzuk bakarrik aipatu, haurrek eta gazteek ere izango dute zer aukeratu ugari. Erein argitaletxearen eskutik indartsu datoz Koldo Izagirreren Altzoko handiaren bilduma eta Toti Martinez de Lezea-ren 'Nur eta ortzadar-txoria' liburua. Karen Hottois-en 'Orgi eta Zuhaitz' ipuinak (Ttartalo) adiskidetasuna gauza txikiz osatuta dagoela erakutsiko die etxeko txikienei. Argitaletxe beretik dator 'Lotara!' Astrid Desbordes-en album ilustratua. Lokartzeko ordua iritsi da, baina Xubanek ez dauka lo egiteko inolako asmorik. Aitatxok, amatxok eta amamak era guztietako teknikak erabiliko dituzte, lortuko al dute azkenean Xuban lokartzea? Horrela ba, bost egunetan zehar 300 nobedade baino gehiagok bilakatuko dute Landako Gunea literaturaren bihotzean.

Durangoko Azoka 2018

 

Fotos

Vídeos