https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Iñaki Salvador euskal musikariak Mikel Laboa omenduko du Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian

Iñaki Salvador euskal musikariak Mikel Laboa omenduko du Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian

Salvadorren musika taldeak 2010. urtean argitaratutako «Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean» diskoko kantak joko ditu bi musika emanaldi ezberdinetan

UNAI SARRIUGARTE

Iñaki Salvador euskal musikariak Mikel Laboa omenduko du Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian. Hauxe irailaren 14tik 16ra bitartean ospatuko da eta egun bi horietan kontzertu bana eskainiko du. Salvadorren musika taldeak 2010. urtean argitaratutako «Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean» diskoko kantak joko ditu bi musika emanaldi ezberdinetan.

Salvadorrekin batera Japonian Ainara Ortega, Maria Berasarte, Angel Unzu, Javier Mayor eta Aitor Bravo musikariak igoko dira agertokira. Mikel Laboaren musikari izan ostean, bere omenez atera zuen «Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean» albuma Iñaki Salvadorrek. Bertan, euskal musikari mitiko honen abestirik garrantzitsuenak jazz kutsuarekin interpretatuko dituzte. Musika emanaldiok Oyama tenpluaren ondoan abian jarriko duten kaleko agertoki batean ospatuko dira.

Iñaki Salvador donostiar musikari, pianista, soinujole eta moldaketagilea da. Konpositoreak jazz musikaren esparruan eman ditu bere ibilbideko urrats gehienak. Musika klasikoko ikasketak jorratu zituen Iñakik. Hainbat konpainia ezberdinentzat konposizio lanak burutu izan ditu eta bere izena daraman jazz banda baten buru da. Era berean, egun jazz piano irakaslea ere bada Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian.

Salvador bere ibilbidean hainbat maisu eta interpretatzailerekin aritu Iizan da oholtza gainean: Zé Eduardo, Daniel Roth, Lluis Vidal, Jean Luc Vallet, Dave Liebman, Richie Beirach, Billy Hart, eta abar. Era berean, interpretatzaile eta artista ugarirekin lan egin du musikari, moldatzaile eta estudioko laguntzaile gisa: Mikel Laboa, Oskorri, Luis Eduardo Aute, besteak beste.

Kanazawa Jazz Street jaialdiak aurten bere 11. edizioa ospatuko du irailaren 14tik 16ra bitartean. Festibal honetan urtero Japoniako eta mundu-mailako jazz musikari esanguratsuenak biltzen dira, kaleko 200 ikuskizunetik gora eskainiz. Jaialdiak 100.000 bisitaritik gora jasotzen ditu urtero. Hiru egun hauetan, Japoniako hiri honetako bazter eta areto ezberdinak jazz musikaren jaun eta jabe izaten dira. Gainera, kontzertuez gain, bisitariek tailer eta beste zenbait jardueraz gozatzeko aukera izaten dute.