Borrar

Euskararen historia soziala eta erronka berriak

Iñaki Martínez de Luna

Soziolinguista, Eusko Ikaskuntzako bazkidea eta Manuel Lekuona Saria 2023

Ostirala, 12 apirila 2024, 19:14

Comenta

Hiru fase nagusi bereiz daitezke euskararen bilakaeran (Iurrebaso, 2023) XX XXI mendeetan. Lehenengoa Ordezkapen-aroa litzateke eta 1900etik 1971 ingurura irauten du; bigarrena, Indarberritzearen aroa, 1971tik 2001era bitartekoa; hirugarrena, Geldotze-aroa, XXI. mendearen bi hamarkadetan hedatzen da.

Hiru aldi horiek euskararen lurralde guztietan era berdin-berdinean betetzen ez diren arren, egokiak dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan euskarak azken ehun urtean izan duen bilakaera irudikatzeko. Arabari dagozkion zifrak beste bi lurraldeetakoekin alderatuta apalagoak badira ere, joera orokorrak bat egiten du erkidego autonomoak erakusten duenarekin.

Ordezkapen-aroan nagusitzen den joera euskararen atzerakadarena da, argi eta garbi. Giro soziopolitikoa ez zen euskararen aldekoa, inondik inora. Euskal hizkuntzek ez zuten prestigiorik modernitaterantz pausoak eman nahi zituen gizartearen baitan; hori nahikoa ez, eta, debeku politikoa ere hainbat urtez iraun zen.

Baldintza horietan, familia bidezko transmisioa ahuldu edo, askotan, erabat eten zen; galera orokorra izan zen, Araba barne. Horren ondorioz, belaunaldi berrien hizkuntza gaztelania hutsa zen. Landa-giroko herri edota familia batzuk izan ziren euskararen biziraupenerako babesgune ia bakarra; hori horrela Arabako eskualde jakin batzuetan baino ez: Aramaio, Legutio, Aiara…

Hala ere, Gasteizen euskarak nolabaiteko katakonbetan biziraun zuen giro eta gordeleku bakan batzuetan; klandestinitate gorrian, alegia.

Diktadura arindu ahala, euskara gordeleku pribatuetatik irten eta pixkanaka ageriko hasi zen bihurtzen; katakonbetako ateak hasi ziren apur bat irekitzen. Indarberritzearen aroa (1971-2001) abian zegoen.

Herrigintzaren eskutik hainbat ekimen abiatu zen, hala nola ikastolak, gaueskolak, etab. Adibidez, 1980an lehenbiziko Korrika antolatu zen. Gizartearen euskararekiko begikotasuna hedatzen hasi zen, batez ere abertzaletasunak bultzatuta. Zorionez, eremu ideologiko horretatik kanpo ere bazeuden euskararen alde jokatu zutenak ere. Azken buruan, euskaltzaletasuna frankismoaren kontrako adierazpenetako bat gehiago zen.

Maila instituzionalagoan ere urratsak egiten hasi zen. Adibidez, Arabako Foru Aldundiak lehenengo ikastola publikoa, Ikasbidea, sortu zuen 1973an, eta Euskaltzaindiak Bai Euskarari kanpaina 1978an bultzatu zuen. Jarraian etorri zen Euskararen Legea 1982, eta, horrekin, ofizialtasunaren ateak zabaldu zitzaizkion hizkuntza horri EAEn.

Testuinguru sozio-instituzional berri horretan, familia eta hezkuntza sistemaren bidez hizkuntzaren transmisioa hedatzen hasi zen. Horren ondorioz, ezagutza eta zenbait harremanetan (kalean, administrazioan, hedabideetan…) erabilera areagotu ziren, apal-apal bada ere. Azken buruan, Ordezkapen-aroari bukaera jarri zitzaion eta galerarako joera irauli zen.

XX. mendearen azkeneko hiru hamarkadetako euskararen biziberritzea XXI. mendearen hasieran moteldu da: Geldotze aroan gaude. Aldaketa horren adierazle dira joera gorabeheratsuak edota kontrajarriak erakusten dituzten estatistikak. Moteltze edo apaltzea aipagarria da familiaren transmisioan eta zenbait erabileretan, hala nola harreman informaletan (lagunartean, esaterako) eta kalean. Erabilerak gorantz egin du, ordea, merkataritzan zein zerbitzu publikoetan, eta lan-eremuan.

Askotariko ikuspegi horretan sakontzeko hainbat iritzi ezberdin bildu litezkeen arren, era motzean (sinpleegian, agian) laburbilduko dugu hemen. Batetik, nabarmena da euskalgintzak (instituzional eta herritarrak) ezagutza eta erabilerari eman dien bulkada. Interbentzio horretatik at gelditzen diren harremanetan (familia, lagunartekoa…) pisu handia dute mende honetan agertu diren bizi-baldintza berriek, halakoak kanpokoak izan edo bertakoak izan. Aipagarrienak, eremu digitala, globalizazioa eta immigrazioa dira.

Aurrera begira zer? Globalizazioak dakartzan erronka eta mehatxuei aurre egin behar zaiela ez da zalantzan jartzen. UNESCOk ere ohartarazi gaitu kultura eta hizkuntza gutxiek desagertzeko pairatzen duten arriskuaz, eta 2022-2032 hamarkada halako egoeretan jarri du atentzioa. Izan ere, munduko kultura eta hizkuntza guztiek osatzen dute gure ondare immateriala.

Euskara ere altxor unibertsalaren ale baliotsua izanik, zein dira kontuan hartu beharreko lehentasunak gure hizkuntza horrek osasuntsu biziraun dezan?

Lehendabizi, erabilera areagotzea. Izan ere, belaunaldi gazteetan euskaldundu direnak asko badira ere, gehiengoa ez da elebidun orekatua euskaraz eta gaztelaniaz; ondorioz, errazago zaie erdaraz egitea. Joera horri men eginez, zaila dute beren euskara maila mantentzea; areago, arrisku bizian daude gaitasun mugatu hori pixkanaka galtzen joateko. Hori horrela, haien erabilera hauspotu eta bideratzeko guneak hedatu eta berriak sortu beharko dira: lan munduan, aisialdian, pantailetan, etab.

Bigarrenik, beste kulturetan jaio eta ondoren gugana hurbildu diren bizilagun berriak integratzen saiatu behar dugu. Betiere kontuan izanik integrazioa ez dela asimilazioa; hau da, elkarrengana hurbiltzeko ahaleginak haiek eta gu geuk egin behar ditugu, ez haiek bakarrik. Horrela baino ez dugu bi mundu ezberdin eta elkarrengandik urrunduta (agian, elkarren kontra) sortzearen arriskua uxatuko; horrela baino ez dugu ekidingo segregazioa eta gizarte arrakala bidegabe bezain arriskutsua saihestuko. Elkarren arteko ezagutza eta enpatia sortuz, bizilagun berri horiek ulertuko dute euskararen garrantzia eta, horrela, hizkuntza horrekiko begikotasuna piztu litzaieke. Gogoan izan, betiere, egun EAEn jaiotzen diren umeen ia heren bat kanpotik etorritako familietan sortuak direla.

Azken gogoeta: animali edota landare espezie baten desagerpenaz kezkatzen bagara, nola egon itsu-itsuan bertakoa eta gure-gurea den altxor kultural batek duen desagertzeko arriskuaren aurrean? Bertan bizi garenok zaindu eta indarberritu behar dugu jasotako legatua, euskara.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Euskararen historia soziala eta erronka berriak

Euskararen historia soziala eta erronka berriak