https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ilargi ume

Neil Armstrong, ilargia zapaldu zuen lehenengo gizakia./
Neil Armstrong, ilargia zapaldu zuen lehenengo gizakia.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Auzo txiki hark mundu osoaren mapa osatzen zuen. 1969. urtea zen eta uda luze eta zirraragarri baten aurrean geunden. Abuztuan Errioxara joatekoak ginen, familian, baina bitartean, aukeraz beteriko denboraldi eder bat zetorren lagunekin jolasean eta abenturan ibiltzeko. San Joan Jaietako aurreko egunak gatazkatsu samarrak izan ziren; auzoko 'handiak' eta beste auzoetako gazteak elkarri mokoka ibili baitziren, ea zeinek pila handiagoa egiten zuen. Hori zela eta, suteak ugaritu ziren gaueko sorpresa-erasoetan eta gu, gaztetxoak, zaintza misioetan aritzeko izendatu gintuzten. Baina urtero bezala, San Joan bezperako suak, azken orduan prestatu arren, ederrak eta oparoak izan ziren herriko zelai eta orube guztietan.

Futbola orduan nagusi bazen ere, kalean igarotako ordu luzeetako aukerak ugaldu behar ziren: 'txorro-morro-piko-taio-ke', 'pedo-películas', 'tres navios en el mar', 'el hinque', 'los güitos', 'dolar con rayo'... Telebistak ez zeukan artean geroago izango zuen eragin handia, baina baziren hor Locomotoro, Capitán Tan, Valentina eta gainerako txiripitiflautikoak gure arratsaldeak alaitzeko. Hor ziren, baita ere, 'Los Picapiedra' , 'Los Supersónicos', 'Autos Locos', 'La Hormiga Atómica' eta gainerako marrazki bizidunak. Zenbait pribilegiatuk 'bi erronboko' emanaldiak ikusteko baimena zuten: 'El Santo', 'El Túnel del Tiempo', 'Manix', 'Ironside' ... biharamunean, gainerakoei kontatzen ziguten, inbidiak jota entzuten genien bitartean. Guk 'Mi Oso y Yo', 'El Conde de Montecristo', 'Cita con Tony Leblanc' eta horrelako telesaioekin konformatu behar genuen.

Aizu, bederatzi urte genituen, ez ginen jada umemokoak. Haurtzaroko ohiturei eusten genien, bai, baina etxean ezer esan gabe Bilborako txangoak antolatzen genituen, trenean ordaindu gabe sartuta, eta batzuetan, hutsik zeuden etxeetan sartzen ginen, arriskuaren kilika sentitze hutsagatik.

Urte hartako kantuak Karinaren 'Las Flechas del Amor', Los Payosen 'Maria Isabel' edo Formula V-en 'Cuéntame' ziren. Bagenekien, era berean, 'The Beatles' edo 'Los Monkees' nortzuk ziren, baina horrelakoak anai-arreba nagusien gaiak ziren. Aititek erosten zuen 'Blanco y Negro' aldizkarian 'hippyen' mobidaren berri izan nuen: milaka tximadun bildu ziren Woodstock izeneko landetan musika entzuteko, dantza egiteko eta 'maitasun librea' praktikatzeko, drogak omen zirela medio... hamaika ikusteko jaioak gara...

Baina urte hartako berrietan berriena, nola ez, ilargira egindako lehenengo bidaia izan zen. Telebistan, irratian, egunkarietan... hedabide guztietan 'historiko' hitza errepikatzen zen behin eta berriz. Beste batzuk, iraganean, 'Amerikaren aurkikuntza' ezagutuko zuten, baina gure belaunaldia are eta urrutiago heltzen zen: ilargiraino hain zuzen. Armstrong, Aldrin eta Collins abizenak ez ziren eskolan ikasi behar, denok ikasi genituen buruz, inongo presio barik. Astronautak eta Apolo 11 misioa gure bizitzan sartu ziren sukalderaino, gure eguneroko hizketan, gure ametsetan, gure kromoetan... Hori, argi eta garbi, hasiera besterik ez zen. 2000. urterako ilargirako bidaiak ohikoak izango ziren eta auskalo, ez ote ginen Marten biziko.

Bederatzi urte nituen. Nire logelako leihotik, ilargiari begira, garaiko heroiak ikusten saiatu nintzen gau hartan. Baina berriro ere, lainotsu zegoen.

Temas

Euskera