https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikusten ez denari ez zaio baliorik ematen

Ikusten ez denari ez zaio baliorik ematen
EFE
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS

Oihartzun handiko ekitaldi, jaialdi zein kirol-ikuskizunak egin dira Bilbon azken urteotan. Joan den urtean, adibidez, European Champion Rugby eta Challenge Cup delakoen errugbi finalak jokatu ziren Bilbon, eta Espainiako Itzulia igaro zen gure lurraldetik. Bilbon eman ziren munduko 50 jatetxe onenen sariak (The World's 50 Best Restaurants). MTV musika-sarien emate-ekitaldia Barakaldon izan zen, eta horrekin batera Bizkaiko zenbait herritan musika-emanaldiak eskaini zituzten aurreko astean.

Esan bezala, oihartzun handia izan dute ekitaldi horiek nazioartean eta, segur aski, horri esker Bilbo eta Bizkaia osoa ezagunagoak dira munduan zehar. Gure irudi ona helarazten da atzerriko herrietara, eta gurera etorri diren kanpotar asko, segur aski, berriro itzultzeko gogoz joango ziren euren lekuetara. Turismoak gora egin du eta datozen urteotan are garrantzi handiagoa hartuko du aberastasun-iturri gisa. Ongi etorri esan behar, beraz, horrelako ekitaldiei. Gainera, Bilbotik eta Bizkaitik horrela bidali dugun irudi onak on egingo dio turismoak sustatzen duen ostalaritza-alorrari, eta onurak ekarriko dizkie beste ekonomia-alor batzuei ere. Irudiak berebiziko garrantzia baitu.

Turismoa sustatzea eta irudi on hori lortzea, ordea, ez lirateke helburu bakarrak izan beharko. Izan ere, ezagutza eta kultura sortzeko eta lantzeko jarduerek ere leku handiagoa izan beharko lukete gurean. Bukatu berri den agintaldian, Bilbo ezagutzaren hiria bihurtzea izan da Juan Mari Aburto alkateak askotan adierazi duen asmo nagusietako bat. Gauzak honela, ez da txikia BBVA Fundazioak Ezagutzaren Mugak (Fronteras del Conocimiento) sari ospetsuen emate-ekitaldia Bilbora ekartzeko erabakiaren garrantzia. Gainera, ez da izango egun bakarreko kontua: BBVA Fundazioko presidenteak adierazitakoaren arabera, aurrerantzean Bilbon emango dituzte orain arte Madrilen eman diren zientzia, teknologia eta artearen alorrei dagozkien sari horiek.

Esan bezala, sari garrantzitsuak dira saridunek ondo merezitako ospea dutelako. Izan ere, 'Ezagutzaren Mugak' saria eskuratu ondoren Nobel saria ere irabazi dute haietako batzuek. Shinya Yamanakak eta James P. Allisonek Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria jaso zuten 2012 eta 2018an hurrenez hurren; Robert J. Lefkowitzek Kimikakoa lortu zuen 2012an; eta Ekonomiakoa lortu dute Lars Peter Hansenek (2013), Jean Tirolek (2014), Angus Deatonek (2015) eta William Nordhausek (2018). Ekainaren 18an hartuko dutenak ere maila handiko sortzaileak dira euren arloetan, haien artean ezagunena Noam Chomski hizkuntzalari handia izanik.

Eskaintza oparoa egiten duten kultur erakunde garrantzitsuak ditugu Bilbon (unibertsitateak, museoak, elkarteak, kultur zentroak, eta beste zenbait). Gainera, Kultur jarduerak eta ikuskizunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen doaz. 'Musika: música' jaialdiak ondo merezitako ospea du musika klasikoaren alorrean, 'Bilbao BBK live', pop musikaren arloan, eta 'Gutun Zuria', Letren Nazioarteko Jaialdiak, literaturarenean. Bestalde, 'Loraldia' indarra hartzen ari da euskal kulturaren erakusle gisa; eta 'Naukas Bilbao' ekitaldia da gure inguru zabalean egiten den zientzia-hedapeneko ekimenik arrakastatsuena. Adibide batzuk baino ez dira aipatu ditudan horiek, baina esanguratsuak ditugu zinez.

'Ezagutzaren Mugak' sariak emateko ekitaldia gehituko zaio, beraz, goranzko kultur jarduera horri. Ekitaldi horrek ezer ez du ordezkatuko, eta hortaz, berezko ekarpena egingo dio kulturaren ekosistemari. Bilbo hiria goi mailako ezagutzarekin elkartuko dute sariek nazioartera begira. Irudia da hori ere, noski, baina ez da irudi soila izango. Izan ere, sariak emateko ekitaldiak garrantzi sinbolikoa izango du bilbotar eta bizkaitarrentzat. Irudia ez baita garrantzitsua kanpotarrentzat soilik. Bertakoentzat ere bada. Bizkaitarrok ikusiko dugu garrantzia ematen zaiela zientzia, teknologia eta arteari; hedabideek informazio gehiago eskainiko dute saria jasoko duten sortzaileez; eurek lortutako emaitzak mintzagai izango dira, eta, horren guztiaren ondorioz, zientziak, teknologiak eta arteak entzute handiagoa izango dute gure eremu publikoan. Ikusgarriagoak izango dira eta horrek aberastu egingo gaitu.

Ikusten ez dena ez da ezagutzen; ezagutzen ez denari ez zaio baliorik ematen. Baliorik ez bazaio ematen, ez da maitatua izango, eta maitatzen ez dena ez da babestuko, ez sustatuko, ez zainduko. Maitatua izan dadin, ikusgarritasuna eman behar zaio ezagutzari. Ikusgarriagoa bilakatzen bada, errazago aberastuko gaitu ezagutzak.