https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bi ikustaldi gidatu, bizikleta gainean Getxo ezagutzeko

Bizikleta baten marrazkia./Fotolia
Bizikleta baten marrazkia. / Fotolia

Ostiral honetatik hasita, bisita gidatuek aste bat iraungo dute eta interesdunek udal zerbitzuko bizikletak erabiltzeko aukera izango dute

EL CORREO

GetxoBizik, bizikletak maileguz emateko udal zerbitzuak, bi ekimen berri bultzatuko ditu hiritarren artean garraiobide jasangarri horren erabilera sustatzeko asmoarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, lehenik eta behin, bi ikustaldi gidatu antolatuko dira, pertsona guztiek goza dezaten Getxon barrena, pedalei eraginez. Horretarako, udal zerbitzuko bizikletak erabiliko dira; edo bestela, nahiago izanez gero, nork bere bizikleta erabili ahalko du.

Ostiral honetatik hasita, bisita gidatuek aste bat iraungo dute (ekainaren 14tik 21era) eta ordubeteko iraupena izango dute (18:00etatik 19:00etara, gutxi gorabehera). Horien bitartez Getxo emango da ezagutzera, bidegorrietatik ibilita. Ikustaldiaren irteera 18:00etan egingo da Bizkaia Zubian eta toki berean amaituko da. Udalak hiritarrak animatu nahi ditu bisitetan izena emateko, 94.416.74.00 telefonora deituz. Leku-kopuru mugatua da eta kaskoa erabiltzea gomendatzen dute ekimenaren arduradunek.

Bestalde, produktu ekologikoz beteriko otzara batzuk zozketatuko dira GetxoBizi zerbitzuan alta hartzen dutenen uztailaren 15era arte, baita epe horretan zerbitzua erabiltzen dutenen artean ere. Gero, zozketa uztailaren 18an egingo da.

Bi ekimen berri horiek ezagutzera emateko, Udal Ingurumen Arloak dagoeneko abiatu du aste honetan publizitate-kanpaina txiki bat. Kanpainan, kartelak ipiniko dira eta panfleto eta besoko islagailuak banatuko dira GetxoBiziren mailegu-puntu nagusien inguruetan.

Aurtengo maiatzaren 31ra arte, GetxoBizin dauden abonatuak 2.092 dira (868 ziren 2017an eta 2.002 ziren 2018an). 2019an, hileko batezbesteko erabilera 2.263koa da, hots, 74 eguneko batezbestekoa. Aurreikusita dago kopuru horrek gora egingo duela udan, urteko sasoi horretan nabarmen egiten baitu gora mailegu kopuruak. Iaz 27.000 inguru izan ziren erabilerak (eguneko 72 erabilera batez beste), udal Ingurumen Arloak emandako datuen arabera.