IkerGazte, ikertzaile euskaldunen topagunea, Gasteizen egingo da ekainean
Artikulu zientifikoak aurkezteko deialdia martxoaren 9ra arte dago irekita. Esparru ezberdinetakoak izan ahal dira, eskatzen den gauza bakarra euskaraz izatea eta gaian aditua ez den batentzat «ulergarria» izatea da
Etxean dugun talentua erakusteko helburuarekin, IkerGazte kongresuak laugarren edizioa egingo du aurten Gasteizen, ekainaren 9tik 11ra. Bertan, euskal ikertzaile gazteek beren lanen berri eman ahal izango dute, eta gainerakoek beren proiektuekin ikasi ahal izango dute, hau da, ekarpenak ikusgarriago egingo dira Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako jardunaldien bitartez.
Xedea, azken finean, nazioarteko ikerketak euskaraz ere egin daitezkeela erakustea da, eta maila handikoak gainera. «Zure ikerketa-eremua edozein dela, hurbil zaitez IkerGaztera», animaten dute antolatzaileek. Artikulu zientifikoak aurkezteko deialdia irekita dago dagoeneko, martxoaren 12ra arte. «Ikerketaren ibilbide profesionalean hasiberri direnei zuzendua dago. Hasi berria izan, zein tesia egiten egon, zein tesia aurkeztu berri izan, ikerketa lan bateko emaitzak aurkeztera animatzen zaitugu», diote.
Eta zein motatako lanak aurkez daitezke? Kasu honetan, ikerketa esparrua zabala da. Hori bai, denek helburu berdinari erantzun behar diote: gaian aditua ez den pertsona batentzat «ulergarria» izatea, neurri batean behintzat.
Bost multzotan banatzen dira. Hasteko, giza zientziak daude, non Historia, filosofia edo arteak dauden. Bigarrenean, ekonomiaren zein enpresa edota soziologiaren eremua lantzeko aukera ematen da. Naturari ere tartea ematen zaio, biologiaren bitartez, baita zientziari fisika zein kimikarekin. Osasuna, ingeniaritza eta arkitekturak ere presente egongo dira jardunaldian.
Kongresura iritsi baino lehen, aurretik urrats batzuk eman behar dira. Esan bezala, interesdunek aurrenekoa orain emango dute artikuluen bidalketarekin. Hauek, gehienez zortzi orrikoaldeko luzeera izan behar dute eta euskara zuzenean idatzita. Ikertzaileek apirilaren 7an jasoko dute erantzuna eta onartutakoek maiatzen 28ra arte izango dute irekita izena emateko epea . Apirilaren 19a baino lehen bidali beharko dute artikuluaren azken bertsioa, gero kongresuan aurkeztuko dutena, beraien ikerketa ezagutzera emateko eta besteekin partekatzeko.