https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikerbasquek 20 zientzialari gazte kontratatzeko Research Fellow programaren deialdi berria egin du

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak

ELCORREO.COM

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellow programaren aurtengo deialdia abian jarri du. Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen 'harrobia' sustatu nahi du. Aurreko bi deialdi arrakastaz burutu eta gero (58 lagun kontratatu dira jada), Ikerbasquek deialdi berria egin du beste 20 ikertzaile kontratatzeko, iaz baino bost gehiago.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque fundazioaren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net) martxoaren 15 arte. Aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.

Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du bereziki, goi mailako ikertzaile gazteen 'harrobi bat' sustatzeko helburuarekin.

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urterako ikerketa kontratuak eskaintzen ditu. Azken urtean ebaluatuak izango dira eta kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute ikertzaileek. «Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da», adierazi dute.

Research Fellow programak zeregin bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (beren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Deialdiaren bidez bereziki Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da. Helburu hau lortzeko, eskainitako lanpostuen %30 euskal ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasqueren aurreikuspena da lau urtean goi mailako 20 ikertzaile baino gehiago itzuli ahal izatea.

Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013. urtean Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa guztian aurkeztutako 64 proposamenen artean. Eusko Jaurlaritzak ere programa finantzatzen du, Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle. Horri esker, Ikerbasque nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatu da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos