«Aurtengo Euskarabenturak 50 jarduera baino gehiago izango ditu 31 etapetan»
Iker Goñi, Euskarabenturako sortzailea ·
«Iazko esperientziatik asko ikasi dugu, okerrak zuzentzen saiatu gara eta berrikuntzak ekartzen ere bai», dio ekimenaren antolatzaileak
UNAI SARRIUGARTE
Domingo, 30 de junio 2019
EuskarAbenturak astelehenean hasi zuen bere bigarren edizioa. 121 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez, 798 kilometroko espedizioa eginez. Euskal lurraldeko geografia, kultura nahiz historia lagunartean eta euskaraz ezagutzeko aukera izango dute bertan. Ibilbidean jzioquitarrekin batera zenbait heldu egongo da, familia urdina deritzona. Hortaz, euskararen aldeko ekimen honen hasiera dela eta, Iker Goñi EuskarAbenturaren sortzaileenetako batekin mintzatu gara.
-Zelan joan zen pasa den urteko EuskarAbenturaren lehendabiziko edizioa? Zer ondorio atera zenituzten?
-Orain dela urtebete, data hauetan oso urduri genbiltzan. Bi urte generamatzan amets bat zirudiena hezur-mamitzen, dena prest genuen eta emaitza ikustea besterik ez zen falta. Hasieratik izan genituen sentsazio positiboak, espedizioan gauzatu egin ziren. Elkartekideok emaitzarekin pozik geratu ginen eta partaideei eta bere gurasoei eskatutako ebaluaketen emaitzak oso positiboak izan ziren. Lantalde, babesle, laguntzaile eta erakundeei dagokionez ere emaitzak ezin hobeak izan ziren, gehienek errepikatzeko erabakia hartu zuten.
-Oro har, dena antolatuago daramagula iruditzen zaigu, dena kontrolpean daukagu. Iazko esperientziatik asko ikasi dugu, okerrak zuzentzen saiatu gara eta berrikuntzak ekartzen ere bai. Salbuespenak salbuespen, iazko ibilbide berbera egingo dugu. Iaz ongi funtzionatu zuten zenbait tailer errepikatuko dugu: Asisko Urmeneta ilustratzailearen historia-saioak, Kike Amonarrizen soziolinguistika tailerra, yoga saioa Bingen Esturorekin etab. Beste jarduera asko berriak izango dira eta, egia esateko, sekulako egitaraua osatzea lortu dugu.
-Pasa den urteko edizioarekin alderatuz gero profil ezberdinik hautatu ahal dituzue aurten?
-Parte hartzaileak ez ditugu guk hautatzen. Izena ematearekin batera, motibazio gutun bat eta proiektu bat bidali behar izan zituzten, azken hau guk proposatutako hiru gaietako baten ingurukoa: errimak eta erritmoak Euskal Herria, aztarna ekologikoa edota migrazio mugimenduak. Formatu askoren artean aukeratu ahal izan zuten: literarioa, plastikoa, digitala, ikus-entzunezkoa etab. Eusko Ikaskuntzako eta Puntu.eus Fundazioko hainbat ordezkarik osatutako epaimahaia arduratu zen guztiak gainbegiratu eta puntuatzeaz. Iaz baino hautagai gehiago izan ditugu.
-EuskarAbentura aurrera ateratzeko espedizioren baten oinarritu al zarete?
- Bai. EuskarAbentura ernaldu zuten lagunetako batzuk garaian Ruta Quetzal hartan parte hartutakoak ziren. Iñaki Goikoetxeak begirale bezala parte hartu zuen, Imanol Zabaletak partaide bezala eta nik partaide eta begirale bezala parte hartu nuen. Proiektua ondo ezagutzen genuen, eta gure eskala geografikoan euskaraz garatzea erabaki genuen.
Feminismoa, arrazakeria, basogintza...
-Zenbait tailer eta ekimenek osatzen dute EuskarAbentura... Zer motatako jarduerak izango dira?
-Orotara 50 jarduera baino gehiago programatu ditugu 31 etapetarako, jakina, bidean arian-arian ikusi, ikasi, bizi eta eraikiko dugun guztiaz gaindi, 798 kilometrok askorako emango dute. Ekintzak ahalik eta anitzenak izan daitezen saiatu gara: euskara, hizkuntza, soziolinguistika, feminismoa, genero eta sexu identitate aniztasuna, etorkinen egoera, arrazakeria, ekonomia soziala, kultura, ondare historikoa, larrialdi ekologikoa, basogintza... Esan bezala, egitaraua itzela da, www.euskarabentura.eus webgunean honi buruz gehiago irakur daiteke.
-Zelan ikusi egiten duzu ekimen hau hemendik urte batzuetara?
-EuskarAbenturak norabide onean eboluzionatzea espero dugu, errotzea eta erreferentziazkoa bilakatzea Euskal Herriko gazteentzat. Euskaren lurraldeko ondare kultural, historiko, ekologiko eta humanoarekin arduratuta dauden gazte euskaradunak saretzea da ekimenaren helburu nagusia, eta sare hori urterik urte zabaltzea, elikatzea espero dugu. Berrikuntzen haritik, berriz, aurtengo azpimarragarriena EuskarAbentura APPa da, Android nahiz iOs telefonoetan deskarga daitekeena; uneoro, espedizioaren geolokalizazioa adieraziko du eta, horretaz gaindi, etapa bakoitzaren inguruko informazio teknikoa eta parte hartzaileen inguruko bitxikeriak ere bilduko ditu.
Bertsolariak, Ahleticeko jokalariren bat...
-Aldiro-aldiro hainbat arlotako profesionalak espediziora batuko dira: dantzariak, bertsolariak, kazetariak, idazleak etab... Baten bat aurreratzeko aukerarik?
-Halako asko izango ditugu, guztiak bikainak dira euren alorretan, eta izugarri eskertuta gaude EuskarAbentura 2019ri balio kualitatibo handia ekarriko diotelako. Tartean dira Patri Espinar pilotaria, Athletic-eko futbol jokalariren bat, Iñaki Viñaspre bertsolaria, Oier Araolaza eta Gari Otamendi dantzariak, Laura Vela hizkuntzalaria, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista, Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeira ekonomilariak baita Xan Aire, Eneko Gorri, Jone Goirigolzarri, Txerra Rodriguez eta Koldo Colomo soziolinguistak.
-Gazteek aurten berriro ere hainbat monumentu eta paraje bisitatuko dituzte: museoak, basoak, leizeak, gazteluak, herriak... Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
-Garrantzitsuenak, beharbada, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutakoak dira. Donejakue bidea bera, esaterako. Kontuan izan gure ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten duela aurrera: bide frantsesa Mauletik Vianaraino, barnealdeko euskal bidea Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta euskal kostaldeko bidea Baionatik Getxoraino. Gizateriaren Ondare diren Santimamiñe eta Ekain leizeak bisitatzeaz gaindi, beste hamaika altxor ere topatuko ditugu bidean: Pirinio magaleko paisaia ederrak Zuberoan eta Behe Nafarroan, Zubiri edota Viana moduko historia luzeko herri dotoreak, Gesaltzako gatzagak, San Adriango koba Aizkorrin, Antton Abadia Jauregia Hendaian, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Gernikako Juntetxea, Bizkaia Zubia…
-Zeintzuk dira EuskarAbenturaren helburu nagusiak?
-Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi dugu. Horixe da xede garrantzitsuena: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, euskararen lurraldea oinez zeharkatzen dugun bitartean. Euskal Herriko ondasun kultural, historiko eta ekologikoaren ezagutza transmititu nahi diegu eta, era berean, hainbat balore, jarrera eta gaitasun bereganatu ditzaten saiatuko gara: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi-ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarriak.
-Zenbat kidek osatzen duzue elkartea?
- Egun, zortzi kidek osatzen dugu EuskarAbentura Elkartea, irabazi asmorik gabeko elkartea da eta boluntarioki egiten dugu, inolako kontraprestazio ekonomikorik gabe.
-Nondik dator EuskarAbentura egitasmoaren sorrera?
- 2015eko udan, Boiseko Jaialdian (Idahon), Euskal Herriko txoko ezberdinetako hainbat gazte kasualitatez elkartu eta orduan piztu zen proiektu hau. Horiei kide berriak gehitu zitzaizkigun gerora, eta ia hiru urtez aritu ginen, boluntario gisa, egitasmoari forma ematen, harik eta 2018ko uztailean lehenengo EuskarAbentura Espedizioak argia ikusi zuen arte.
-121 gazteekin batera, 30 heldu egongo dira espedizioan... Zer arloko profesionalak izango dira hauexek?
-Talde honi Familia Urdina esaten diogu, soinean kamiseta urdinak eramaten ditugulako, jzioquitarrengandik bereizteko. Lau azpitaldek osatzen dugu: xerpa-taldea (begiraleak), osasun-taldea (bi mediku eta erizain bat), komunikazio-taldea (bi kazetari,argazkilari bat eta kameralari bat) eta logistika-taldea (furgonetak gidatu eta hauetan garraiatutako materialaren gaineko ardura izango duten bi lagun).
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.