https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikastolen Elkarteak ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatuko du Baionan, irailaren 28an

Ikastolen Elkarteak ikasturtearen hasiera ekitaldia ospatuko du Baionan, irailaren 28an

«Etorkizunerantz hezkuntza eraldatzen» lelopean SEASKAren, Iparraldeko Ikastolen Elkartearen, 50. urteurrena ospatuko dute

UNAI SARRIUGARTE

Ikastolen Elkarteak irailaren 28an Baionan ikasturtearen hasiera ekitaldia egingo du. Hauxe Lapurdiko hiriburuko Etxepare lizeoan egingo dute eta ikastolen jaiarekin batera, ikastetxe honen eraikin berria inauguratuko dute. «Etorkizunerantz hezkuntza eraldatzen» lelopean SEASKAren, Iparraldeko Ikastolen Elkartearen, 50. urteurrena ospatuko dute. Xehetasunok Ikastolen Elkarteak iragarri zituen atzo, irailak 20.

Ekitaldia goizeko hamarretan hasiko da bertara iritsitako bisitarien harrerarekin eta nahi duenak eraikin berria bisitatzeko aukera izango du. Ikasturte hasierako harreraren ondoren, goizeko 12:00etan Etxepare lizeoko eraikin berriaren inaugurazio ofiziala egingo dute. 12:00etatik 14:00etara bitartean txaranga bat ibiliko da ekitaldiaren girotze lanetan.

Ikastolen ikasturtearen inaugurazio ekitaldira hainbat pertsonai publiko bertaratuko dira: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, besteak beste.

Ikastolen Elkartea Euskal Herrian barrena hedatua dagoen irakaskuntza elkartea da. Elkarte hau 110 ikastolak, 4.500 irakaslek, 500 langile ez irakaslek eta 56.000 ikaslek osatzen dute. Eskaintza integrala eskaintzen dute 0 urtetik hasita, Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino iristen dena.

Gainera, Hezkuntza eredu propioa aurkezten dute, ikasmaterialen sorkuntzan eta irakasleen prestakuntzan aitzindari izateaz gain, etengabe lanean dihardute hobekuntzan. Hezkuntza euskalduna eskaintzen dute, eleaniztasun sendoz eta aitzindari dira Informazio eta Komunikazio Teknologiaren erabileran.

SEASKA, berriz, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkartea da eta 34 ikastolak (lehen mailako 31 ikastolak, hiru kolegioak eta lizeoa) osatzen dute. Ikastolak Hezkunde Ministeritzari lotuta daude elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatutuaren bitartez. Aurtengo ikasturtean 4.000 ikasleen langa gainditu dute.