https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikastolen Elkarteak eta EITBK datorren urteetarako lankidetza akordioa onetsi dute

Ikastolen Elkarteak eta EITBK datorren urteetarako lankidetza akordioa onetsi dute

Aurrerantzean EITBk Ikastolen Elkarteak antolatutako jaialdien berri emango du

UNAI SARRIUGARTE

Ikastolen Elkarteak eta Euskal Irrati Telebistak lankidetza hitzarmena sinatu zuten pasa den asteazkenean Bilbon. Aurrerantzean EITB euskal ikastolen jai ezberdinetako ospakizunen babesle nagusia izango da. Hitzarmen hau Maite Iturbe EITBko zuzendariak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak sinatu zuten.

Hemendik aurrera Euskal Irrati Telebistak Ikastolen Elkarteak antolatutako ospakizun guztien berri emango du irrati, telebista eta internet bidez: Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez-en ahalbidetutako esparru ezberdinetan gertatutakoaren berri ematen egongo da.

Ikastolen Elkarteak antolatutako jaialdiak udaberria eta udazkena bitartean egin ohi dira. Aurtengo lehenengo jaialdia, hau da, Herri Urrats maiatzaren 12an Senperen ospatuko da. Ondoren, maiatzaren 19an Lekeition Ibilaldia antolatuko da. Ekainaren 16an, berriz, Araba Euskaraz burutuko dute Gasteizen.

Bestalde, udazkenean Kilometroak eta Nafarroa Oinez ospatuko dira. Lehenengoa, urriaren 6an Zarautzen, eta, bigarrena, berriz, urriaren 20an Tuteran.

Halaber, Euskal Irrati Telebistak ekoitzitako «Hiru3 klubak» jarduera eta ikuskizun bereziak egingo ditu etxeko txikientzat. Era berean, Ikastolen Elkarteak euskal komunikabideak igorritako edukien berri emango du eurek idatzitako «Ikastola» izeneko aldizkarian, paperezko argitalpenen zein euskarri digitalean.

Ikastolen Elkartea 110 ikastolak, 56.000 ikaslek eta 4.500 irakaslek osatzen dute. Erakunde honek eskaintza integrala aurkezten du; 0 urtetik hasita, Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino. Hezkuntza eredu propioa dute; ikasmaterialen sorkuntzan eta irakasleen prestakuntzan aitzindari izateaz gaindi, etengabe lanean dihardute hobekuntzan.

Ikastolen Elkarteak hezkuntza euskalduna eskaintzen du, eleaniztasun sendoz, eta aitzindari dira Informazio eta Komunikazio Teknologiaren erabileran. Bestalde, Euskal Herri mailan mugaz gaineko aitortza administratiboa daukan erakunde sozial bakarra da eta Europar Batasunean sortutako bigarren europar kooperatiba.