https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

180 ikaslek egingo dizkiote ekarpenak haur eta nerabeen egoerari buruzko azterlanari

Hiriko hiru ikastetxetako haurrak bilduko dituen jardunaldia izango da Europa biltzar-jauregian

SERGIO EGUÍA

Asteartean, martxoak 6, hiriko hiru ikastetxetako 180 haur bilduko dituen jardunaldia izango da Europa biltzar-jauregian. Bertan, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak landu duen eta duela zenbait aste ezagutzera eman zen Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko diagnostiko-azterlana aurkeztuko zaie.

Gorka Urtaran alkatea eta Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munain izango dira topaketaren buru, eta beren iritziak, iradokizunak eta ekarpenak emango dituzte jakitera ikasleek. «Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Plana lantzeko balioko digu horrek, horren bitartez diseinatuko baititugu haur eta nerabeen eta horien familien eskubideak betetzen direla bermatzera zuzendutako ekintzak. Gure jarduerak optimizatzeko aukera emango digu, haurren bizi-kalitatea hobetzeko eta garapen ebolutiboa bultzatu eta sustatzeko, baita partaidetza ere», azaldu du Peio López de Munainek.

Diagnostiko-azterlana egiteko, hainbat estatistika-iturri baliatu dira, baita gizarte-eragileei eta profesionalei egindako elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta beste azterlan batzuk ere, eta, era berean, hainbat ikastetxetako 1.000 bat haurrek parte hartu zuten galdeketako erantzunak. Ikasle horien guztien ordezkariak egongo dira astearteko jardunaldian, Abendaño eta Santa Maria HLHIko eta CEU Virgen Niña ikastetxeko ikasleak. «Prozesu honetako partaide sentiarazi nahi diegu, benetako protagonistak diren aldetik», adierazi du López de Munainek.

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua lantzen ari den Haur eta Nerabeentzako II. Tokiko Plana egiteko funtsezko oinarria izango da haur eta nerabeen egoerari buruzko azterlan hori. Aldi berean, Gasteizek UNICEFen Haurren Lagun diren Hirien ziurtagiria lortu ahal izateko bete beharreko baldintzetako bat beteko da horrekin, eta, hartara, onespen hori aurten lortzea espero da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos