https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikasle segregazioa ekiditeko, eskolatik kanpo ere landu behar da «bizikidetza harreman positiboen ingurune bat»

Bermeoko Eleizalde ikastolak, ikastoletarako bizikidetza eta aniztasun planaren inguruan hausnartutakoak aurkeztu ditu. Uste dute egokia izango litzatekeela «eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duen ikasleriarekin»

AMALIA IBARGUTXI

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan segregazioari aurre egiteko neurrien inguruan hausnartzeko bilera egin dute Bermeoko Eleizalde Ikastolan. Ikastolen Elkarteak azaroan aurkeztu zuen 'Bizikidetza eta aniztasun plana (2018-2021)', eta adierazi zuen ekarpenak jasotzeko irekia zela. Orain, Ikastolen Elkarteak eta Eleizalde ikastolak beren hausnarketa plazaratu dute auziaren inguruan. Bat datoz segregazio arriskua ez dela «hezkuntzaren arazoa bakarrik, gizarte osoarena baizik».

Eskolak, testuinguru anitzago baten erronka espezifikoei hobeto erantzungo badie, kultur arteko «harreman eta bizikidetza harreman positiboen ingurune bat» eraiki behar omen da eskola ingurunetik kanpo. Horrela, uste dute, «egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duen ikasleriarekin».

Udalek gai honetan duten eraginaz jakitun, Idurre Bideguren eta Benito Ibarrolaza Bermeoko alkate eta alkateordeak, hurrenez hurren, hartu dute parte bileran, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaz eta Iñaki Beitia Eleizalde Ikastolako zuzendariaz gain. Atzerriko jatorria duten ikasleak, segregazioan erori gabe, eskolaratzeko neurrien inguruan jardun dira.

Azaldu dutenez, «urtez urte, gure Ikastola eredura egokitzeko premia handiak dituzten ikasleak datoz gure geletara, gero eta gehiago». Ikasle horiek gizarte eta eskolako komunikazio hizkuntzak ikasi behar dituzte, eta curriculum-jatorri desberdinak dituzte. Ikasle horiei hezkuntza arreta egokia zein neurritan ematen ari zaien arduratuta, eskola-giro adeitsua sortzeko beharra nabari dute.

«Ikasturtean apur-apurka iristen diren eta gure hezkuntza sisteman lehenengo aldiz hasten diren ikasle horien eskola arrakasta lortzeko, eskola-giro adeitsua sortu behar da eta ikasle horien sozializazioa sustatu behar dugu». Nabarmendu dute «curriculumera sartzeko, hizkuntza ezinbesteko tresna dela kontuan hartuta, eskolako hizkuntzak eskuratzeko prozesua optimizatu» behar dela.

Komunikazio egokia

Horregatik, ikastolen ordezkarien esanetan, Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planean jasota dagoenez, «Ikastetxeekin modu koordinatuan, jatorri atzerritarreko haurrengan euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzea guztiz egokia ikusten dugu».

Uste dute, baita ere, «ezinbestean informazio eta orientabide egokiak jaso behar dituztela», eta «guztiz egokia» dela «bizikidetzarako eta gizarteratzeko beharrezkoa den informazioa helaraztea iritsi berriei».

Orokorrean, atzerritar jatorriko ikasle eta familiei harrera eta arreta emateko prozesuak garrantzi handia duela adierazi dute Udal eta Ikastolen Elkarteko kideek. Gainera, nabarmendu dute «udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanda, harreman estu eta zuzen bat eduki beharko luketela Eskolatze Batzordeekin».

Gainera, Bermeon dauden atzerriko familiek euskal hezkuntza sistemaz eta Bermeoko ikastetxeez duten pertzepzioari buruzko azterlan bat sustatzea «interesgarria» litzakeela adierazi du ikastolen ordezkariak.

Temas

Euskera