https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

400 ikasle Bilboko Arte Ederren Museoan, 'Ezezaguna. Zinema eta zientzia' zikloan parte hartzeko

Ikasleak, 'Figura Ezkutuak' filma ikusi ostean./
Ikasleak, 'Figura Ezkutuak' filma ikusi ostean.

'Figura Ezkutuak' filma ikusi ostean, DIPC-ko Ikerbasque ikertzaile Maia Garcia Vergnioryrekin eta Aitzol Garcia Etxarrirekin solasaldia izan dute

Gaur goizean 200 bat ikasle Bilboko Arte Ederren Museoan elkartu dira –eta beste horrenbeste elkartuko dira otsailaren 26an- 'Ezezaguna. Zinema eta zientzia' zikloan parte hartzeko. Ekimen hau Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute elkarlanean. Ikasleei soilik zuzendutako sesioan 'Figura Ezkutuak' (Theodore Melfi, 2016) filma ikusi da eta, gainera, gazteek DIPCko Ikerbasque ikertzaile Maia Garcia Vergnioryrekin eta Aitzol Garcia Etxarrirekin hizketaldia izan dute.

Ikasleek, punta-puntako ikertzaileen lana ezagutzeko aukera izan dute. Zinema eta zientzia uztartzen dituen zikloak helburu bikoitza du: zientzia gizarteratzea eta gizartea zinemara hurbiltzea. Helburu bikoitz hau betetzeko, DIPC-k eta Euskadiko Filmategiak bi bazkide bikain bilatu dituzte: Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera. Bi instituzio hauek dira zikloaren egoitzak, lehenbizikoa Bizkaiko hiriburuan eta, bigarrena Gipuzkoakoan.

Aurtengo edizioa, zikloaren bigarrena da, iazkoak arrakasta handia izan eta gero. Zikloaren dinamika sinplea da. Kriterio batzuen arabera aukeratutako film bat proiektatzen da eta, hau ikusi ostean, punta-puntako zientzialariekin hizketaldia antolatzen da. Bigarren edizio honetan zientzia fikziozko 12 film programatu dira ('Fantastic voyage' edo 'The incredible shrinking man' bezalako klasikoak edota 'First man' edo 'The martian' bezalako egungo filmak).

Hiru emakume zientzialari, NASAn

Proiekzio hauek publiko orokorrari zuzenduta daude eta 2019ko urtarrila eta martxoa bitartean ikusgai egongo dira.

Publiko orokorrari zuzendutako sesio hauetaz gain, iaz bezala, aurten ere ikasleei soilik zuzendutako proiekzioak ere antolatu dira, bi Bilbon eta beste bi Donostian. Lehenbiziko sesioa gaur goizean ospatu da Bilboko Arte Ederren Museoan (gaztelaniazko azpitituluekin) eta, hiriburu bizkaitarrean antolatuko den bigarrena otsailaren 26an egingo da, Museoan bertan, euskarazko azpitituluekin. Donostian, aldiz, martxoaren 13an (gaztelaniazko azpitituluekin) eta 20an (euskarazko azpitituluekin) egingo dira proiekzioak. Emanaldi hauek Tabakaleran izango dira.

Ikasleei zuzendutako sesioetarako 'Figura ezkutuak' (Theodore Melfi, 2016) filma aukeratu da. 1960ko hamarkadaren hasieran NASAn lan egin zuten hiru emakume zientzialari afroamerikarren istorioa kontatzen du filmak. John Glenn astronauta espaziora bidaltzeko proiektuan jardun ziren hirurak, espazioko norgehiagoka eta AEBetako beltzen eskubideen aldeko borroka puri-purian zeudela. Proiekzioa bukatutakoan, ikasleek DIPCko Ikerbasque ikertzaile Maia Garcia Vergniorirekin eta Aitzol Garcia Etxarrirekin hitz egiteko aukera izan dute eta hainbat galdera egin dizkiete. Jardunaldi hauen helburuetako bat da emakume zientzialarien lana goraipatzea eta hauek zientziari egin dizkioten zenbait ekarpen ikustaraztea.

Temas

Euskera