https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ikasbide ikastetxearen Edit kirol topaketak 500 ikasletik gora elkartuko ditu Bilbon

Ikasleek kirol mota desberdinak praktikatuko dituzte topaketan./kasbide Ikastetxea
Ikasleek kirol mota desberdinak praktikatuko dituzte topaketan. / kasbide Ikastetxea

Erakunde Teresiarraren Espainiako eta Irlandako 18 ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek parte hartuko dute topaketan, lehiakortasunik eza, genero-berdintasuna, lankidetza eta bizikidetza sustatzeko helburuarekin

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Ikasbide ikastetxeak EDIT kirol topaketa antolatuko du aste honetan Bilbon, eta, horren bitartez, erakunde Teresiarrarraren ikastetxeetako ikasleek aukera paregabea izango dute kirolaren bidez elkarrekin egoteko. Ostegunetik astelehenera arte (martxoaren 21etik hilaren 25 era, hain zuzen) ospatuko den topaketan erakunde Teresiarraren Espainiako eta Irlandako 18 ikastetxeetako DBHko 1. mailako 500 ikasle inguruk parte hartuko dute.

Urte asko daramatza erakunde Teresiarrak EDIT topaketa hau antolatzen, gorputz-hezkuntzako irakasleek 1989an proiektu hori martxan jartzea erabaki zutenetik, alegia. Gauzak horrela, lehenengo topaketa 1990ean antolatu zuten eta, harrezkeroztik, urtero antolatzen dute, kokaleku desberdinetan, ikastetxe guztiek esperientzia hori partekatu dezaten eta Espainiako beste hiri batzuetara joateko aukera izan dezaten ere bai.

Ikasbide ikastetxearen arduradunek prentsa ohar baten bitartez nabarmendu dutenez, topaketaren helburu nagusiak hauek dira: «erakunde Teresiarreko ikastetxeetako ikasle eta irakasleen arteko hartu-emana eta harremana sustatzea eta familia berekoak izateaz ohartaraztea. Halaber, kirola egiteak dakartzan alde onak lantzea, eta kirolean lehiakortasunik eza eta genero-berdintasuna bultzatzea, baita lankidetza eta bizikidetza ere». Azkenik, gogorarazten dute, EDIT kirol-topaketa bezala sortu bazen ere, «alderdi kulturala» ere baduela. Izan ere, aukera paregabea da ikastetxe antolatzailearen hiria ezagutzeko eta Autonomia Erdkidegoen berezitasunak aintzat hartzeko.

Ikasbide ikastetxeak 2003an antolatu zuen Edit topaketa.

Herri kirolak, atletismo proba...

Esan bezala, topaketa ostegunean martxoaren 21ean hasi eta martxoaren 25ean astelehenean amaituko da. Ostiralean kirola izango da protagonista: goizean, ikastetxe guztiek talde-kiroletan parte hartuko dute eta, arratsaldean, herri-kirol batzuk ikusteko eta horietan parte hartzeko aukera izango dute. Larunbatean kulturaren eguna izango denez, Bilbo ezagutuko dute parte-hartzaileek. Eta igandean, Eukaristiaren ondoren, atletismo-proba batzuetan parte hartuko dute, arratsaldean, topaketari amaiera emateko. Azkenik, astelehenean ikasleek euren hiri eta herrietara itzuliko dira.

Aurten, Erakunde Teresiarraren Bilboko ikastetxea, Ikasbide, arduratuko da topaketa jendetsu hau antolatzeaz. Ikastetxe «familiar» honen arduradunen arabera, topaketa antolatzen hezkuntza-komunitate osoa esku hartzen ari da. Beraz, ikastetxeko langileek, ikasleek, gurasoek eta ikasle ohiek lagunduko dute topaketan egingo diren jardueretan.