https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Igorreko zahartze aktiborako programa Kanadan aurkeztuko dute bihar, OMEk «jardunbide egokien eredu moduan» hartu duena

Adineko bikote bat, pozik./Fotolia
Adineko bikote bat, pozik. / Fotolia

Atzotik bihar arte egiten ari diren 14. Nazioarteko IFA Kongresuan Bizi Batzordea, Igorreko programa honen baitako jarduera-proposamena, eman dute ezagutzera

AMALIA IBARGUTXI

Ikaragarri hazi da 65 urtetik gorako euskal herritarren kopurua azken hamarkadetan. Eustaten datuen arabera, 1981 eta 2016 bitartean bikoiztu egin ziren adin tarte horretako biztanleak, herritarren %20 inguru izateraino. Herri zaharkitua da Euskadikoa, eta jaiotza kopurua, aldiz, Europako baxuenetarikoa da. Horregatik, haurrak izatea sustatzeko planez gain, zahartze osasuntsuak bermatzeko lan egiten du Jaurlaritzak. Horretarako sortu zuen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadi Lagunkoia programa, bihar Toronton (Kanada) aurkeztuko dutena. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta IFA erakundeak (International Federation of Aging edo Zahartzearen Nazioarteko Federazioa), mundu osoko 700 hirik eta erkidegok egindakoen artean aukeratu du, «zahartze aktiboa kudeatzeko jardunbide egokien adibide moduan», Lide Amilibia sailburuaren arabera. Zehazki, Igorreko proiektua da bertan aztertuko dutena: Bizi Batzordea.

Mundu osoan hautatutako hamar lan, proiektu eta azterlanak azaroan beteko den txosten prospektiboan jasoko dira, eta txosten horrek «adinekoen hiri eta erkidego lagunkoientzako munduko sarearen etorkizuna deskribatuko du», eta OMEren informazio-plataforma elkarreraginean nabarmenduko da, Amilibiak esan zuenez albistearen berri izandakoan. Zahartze aktiboaren beharra nabarmentzen du programak, eta 53 udalerritan jarduerak sustatzen ditu, hiri-espazioak hobetzeko eta espazio horiek adinekoen presentzia eta protagonismo handiagoa izateko.

Atzotik ostiralera egiten ari diren 14. Nazioarteko IFA Kongresuan Itsaso Bengoetxeak aurkeztu du Bizi Batzordea, Igorreko programa honen baitako jarduera-proposamena. Bizkaiko nekazal guneetako herri txikietan egindako lanak ikusarazi nahi dituzte Toronton, keinu horrek, era berean, Euskadiko beste udalerri txiki batzuk proiektuan parte hartzera animatuko dituelakoan.

2015ean ekin zioten Bizi Batzordeari. Diagnosi fasea bukatuta, herria biztanleria adinduenarekin bateragarri izan dadin ekintza plana diseinatzen igaro dituzte azken hilabeteak. Hainbat proiektu garatu dituzte, eta horien berri emango dute nazioarteko kongresuan, beste 75 herrialderekin batera. Kongresuan izango den euskal kasu bakarra izango da, eta bertaratutakoek, hizketaldiak entzuteaz gain, hainbat 'masterclass'-etan ere parte hartu ahalko dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos