https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Igande honetan hasiko dira Zuberoako maskaradak, eta apirilaren 21ean bukatuko

Igande honetan hasiko dira Zuberoako maskaradak, eta apirilaren 21ean bukatuko

Aurtengo maskaradak Urdiñarbeko 50 gazte inguruk egingo dituzte. Muskildiko gazteek egin zituzten 2018an

AMALIA IBARGUTXI

Urdiñarben egingo dituzte aurtengo maskaradak, urtarriletik apirilera. Iaz, Muskildiko gazteei egokitu zitzaien maskaraden antolaketa, eta aurten, Zuberoako Urdiñarbe udalerriari. Igande honetan, hilak 6, hasiko dira eta asteburuero herriz herri ibiliko dira antzezlana taularatzen. Apirilaren 21ean amaituko dute lana, Urdiñarben bertan.

Urtero, udalerri bateko gazteek dute maskaradak antolatzeko ardura. Bi taldetan banatzen dira maskaradetako dantzariak: gorriak eta beltzak. Halaber, gutxi gorabehera, ohiko ofizio batzuk gorpuzten dituzten pertsonaiek osatzen dituzte maskaradetako istorioak urtero. Marexalak, Khestuak, Xorrotxak, Buhameak eta Kauterrak, ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du. Txorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura. Hain zuzen, Ofizioak deitzen zaio osatzen duten arratsaldeko saioari.

Goizean zehar, dantzariek 'barrikada' deitutakoak egiten dituzte, eta arratsaldez, Ofizioez gain, Bralea izeneko soka-dantza dantzatzen dute, besteak beste.

Apirilera bitarteko saio gehienak igandetan egingo dituzte; urtarrilaren 13an, Ürrüstoi-Larrabilen; urtarrilaren 20an, Altzürükün; urtarrilaren 27an, Lexantzun; otsailaren 3an, Mendikotan; otsailaren 10ean, Eskiulan; otsailaren 17an, Pagolan; otsailaren 23an, Maule-Lextarren; martxoaren 3an, Barkoxen; martxoaren 10ean, Idauze-Mendin; martxoaren 17an, Garindainen; martxoaren 24an, Larrainen; martxoaren 30ean, Aloze-Ziboze-Onizegainen; apirilaren 7an, Hokin, Sohütan; apirilaren 14an, Muskildin; eta apirilaren 21ean, azkenik, Urdiñaben. Maule-Lextarre eta Aloze-Ziboze-Onizegaineko hitzorduak izango dira larunbatez egingo dituztenak.

Lau hilabetean Zuberoako 15 herritan arituko dira maskaradak eskaintzen, eta guztira 16 saio egingo dituzte.

Temas

Euskera