https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Idazleak

Idazleak
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Onak, txarrak, erdipurdikoak. Txalotuak, mespretxatuak, baztertuak, babestuak, neurriz kanpo onetsiak, ahaztuak... Bihar euren eguna ospatuko da: idazleak.

Familian ere irakurtzen ez direnak; azoka guztietan beren liburuak sinatzeko ilara amaigabeak lortzen dituztenak: idazleak.

Liburutegiaren ezkutuko apal batean pilatzen direnak; kritikarien laudorioak bermaturik dituztenak: idazleak.

Liburu bakar batekoak; idatzi ez dituzten liburuak argitaratzen dituztenak: idazleak.

Ezezagunak, ospetsuak, telebistan agertzen direnak, youtuben sortuak, mitifikatuak, zinemara eramaten direnak: idazleak.

Militanteak, madarikatuak, politikoki zuzenak eta ez-zuzenak, literatur sarietan behin eta berriz galtzaile direnak, boterearen itzalpean haziak: idazleak.

Prentsa arduradunak, gidoilariak, kazetariak, itzultzaileak, blogariak, «beltzak», egunerokoa idazten dutenak, kantautoreak, zutabegileak... libururik gabeko idazleak.

Modan daudenak, dagoeneko modan ez daudenak, modan egon zirenak, baina inork gogoratzen ez dituenak: idazleak.

Lotsagabeak, umilak, harroputzak, plagiatzaileak, tristeak. Beren buruak idazletzat hartzen ez dituztenak, inbidiak jota daudenak: idazleak.

Beren bikoteak subentzionaturik daudenak, sekula argitaratuko ez duten liburua luzaroan iragartzen dutenak: idazleak.

Gezurra dirudien arren hor diraute. Ez metroan, ez plazan, ez autobusean, aspaldi honetan nekez ikusi duzu inor liburu bat eskuetan. Zure eguneroko berbaldietan nekez entzungo diozu inori liburu bat aipatzen... baina bai, egunkarietan argitaratzen diren salmenta-ranking horietan agertzen dira eta liburu azoketan ere prest egoten dira beren azken lana defendatzeko. Hor omen daude, bai: idazleak.

Une honetan, lerro hauek irakurtzen ari zaren bitartean, norbait, nonbait, etorkizuneko liburu bat idazten dago. Orduak eta orduak luzatzen den ahalegin horrek ez du, kasu gehienetan, inongo argirik ikusiko. Beste kasu askotan gutxiengo baten eskuetan geratuko da azkenean lan horren emaitza eta banakaren batek bakarrik gehiengo baten erantzuna eta onespena izango ditu.

Idazleak eta literatura munduan mugitzen den beste hainbat eragile, protagonista dira, besteak beste, Pedro Ugarteren 'Lecturas Pendientes' liburuan. Bilboko autore honen aitormenek, gogoetek eta bizipenek osatzen dute lan erakargarri honen mamia.

Bere ibilbide luzean Pedrok jakin du zer den sari potolo bat irabaztea eta garrantzirik gabeko lehiaketa batean porrot egitea. Badaki, baita ere, nola sentitzen den azoka batean zure ondoko sinatzaileak egundoko ilara daukanean zain, zuk apenas liburu pare bat sinatzea lortu duzunean. Pedrok badaki zer den liburu-denda bat jendez gainezka betetzea aurkezpen batean, baita beste idazle baten aurkezpenera joatea zer den ere, konpromisozko sarrera bat horretarako prestatzea eta morroi bakar bat ere ez bertaratzea.

Jauregiak eta etxolak ezagutu ditu Pedrok eta bietan, gure gozamenerako, etekina jakin du ateratzen.

Bere burutazioekin ados egon zaitezke ala ez, baina azkenean, ongi idatziaren plazera geratzen zaizu beti. Beraxek azaltzen duenez: «Bizimodu aski ohikoa dut, ia arrunta. Edo agian arrunta, erabat. Arruntasun hori ongi idatzia egotea da neure nahia».

Temas

Euskera