https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

idazlea hiltzea

idazlea hiltzea
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Sergi Pamiesen 'Beste bizitza' ipuina gogoan, idazleak proba bat egin du. Hilik egotea zer den jakin nahi du. Horretarako, Wikipedian berari buruz eskegi zuten orri apalean sartu, eta bere heriotza data idatzi du jaiotza dataren ondoan. Orain digitalki hila dago. Pamiesen ipuineko narratzailearen hitzak labaindu zaizkio belarrian, kilikari: «Hil egin behar izan nuen maite ote ninduten jakiteko». Zain geratu da gero, ea albisteak zer ondorio dituen. Bizpahiru egunetan ez da nobedaderik izan. Badaezpada, idazlea ez da etxetik atera. Ilunpean eman ditu hurrengo 48 orduak, mugikorrari eta sare sozialei erantzun gabe. Albistea sinesgarri egite aldera. Ez du telebista piztu ere egin. Sukaldeko sua eta mikrouhin labea ere mutu utzi ditu. Kontserba poteez elikatu da, eta kandela baten argipean jardun du irakurtzen. Gauero begiratu azkar bat eman dio mugikorrari: albisterik ez.

Hirugarren egunean, txio batek iragarri du bere heriotza. Txioka hasi dira txiolariak hurrena. Albistea sare sozialetan zabaldu da. Idazleari grazia egin dio albistea hirugarren egunean zabaltzeak. Zalantzarik gabe, horrek badu bere sinbolismoa. Izan ere, hil eta hiru egunera berpiztu zen Jesukristo; bera birtualki hil eta hiru egunera zabaldu da bere heriotzaren «berri ona». Ez da oso fededuna, baina sinbolismoa literarioki baliagarria iruditu zaio, eta zukua atera diezaiokeela ondorioztatu du. Egunkarietan ere aipatu dute zorigaitza. Gaixotasun baten ondorioz hil omen da. Idazle lagun batek zutabe bat idatzi du bere ohoretan. Jakina, gure letretan behar beste baloratu gabeko idazlea zela esan du, eta, agian, heriotzari esker, gauzak aldatzen hasiko direla. Gauza jakina da gazte hiltzea berme moduko bat dela hilezkortasunera bidean. Sare sozialetan lehiaketa moduko bat jarri dute abian idazleak idatzitako obra onena aukeratzeko. Jakina, idazleari gutxien gustatzen zaion obra aukeratu dute irakurleek. Ez dute zehaztu aukeraketan zenbat irakurlek parte hartu duen.

Gure idazleari gai ederra iruditu zaio zerbait idazteko. Chautebrianden 'Hil-ondoko memoriak' liburuarekin gogoratu da. Izan ere, Chateubriandek bizi artean idatzi zituen memoriok, baina bera hil ondoren argitaratzeko prest utzi zuen liburua. Gure idazleak, berriz, hil ondoren idatziko ditu bere memoriak, bere hil ondoko bizipenak. Ideia dibertigarria iruditu zaio. Esperimentuarekin jarraitzeko -edo esperimentuaren mugak harago eramateko-, kalera atera da, buelta bat eman du auzoan, denek ikus dezaten. Ohiko kafetegian eseri, eta, mugikorra eskuetan, albistea gezurtatzen hasi da. Bere buruari argazki bat atera, eta Facebooken eta Instragramen zintzilikatu du, denek bizirik dagoela ikus dezaten.

Hala ere, beste bi egun igaro dira, eta inork ez du erreakzionatu. Bere hiletara joan beste erremediorik ez du izan. Agerpena berebizikoa izango dela imajinatu du. Apaiza bere irudia glosatzen ari denean, aldarera igo daiteke, eta agur keinu bat egin denei. Bitxiki, jendearekin nahastu denean, inork ez du beragan erreparatu. Inor ez da harritu. Are gehiago, inork ez dio jaramonik egin. Kezkatzen hasita, idazleak atximurka egin dio bere eskuari, eta mina nabaritu du. Hala ere, ezikusiarena egiten diote denek.

Apaiza hileta mezarekin hasi da. Gure idazleari zerbait bururatu zaio. Dirua biltzeko zorroetako bat hartu, eta ilaren artean ibili da diru eske. Ziur dago aurrez aurre ikusita norbaitek ezagutuko duela. Bere harridurarako, inork ez dio begiratu ere egin, eta inork gutxik bota du txanponen bat zorroan. Okerren bat egon behar duela oldoztu du idazleak. Garrasika hasiko litzateke, baina ez du eskandalurik piztu nahi. Meza amaitu baino lehen atera da elizatik, burumakur eta kezkatuta. Pentsatzen hasita dago heriotza digitalak heriotza biologiko edo analogikoak baino indar gehiago duela. Wikipedian bere datuak aldatzea ez zen txantxa bat izan, oker handi bat baizik. Irtenbide bakarra ikusi du: Wikipedian berriro sartu eta heriotza data ezabatzea. Ziur asko, hiru egun barru berpiztuko da.

Temas

Euskera