https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Idazle izateko...

Idazle izateko...
JON KORTAZAR

Beste arteetan gertatzen den bezala, ez dago fakultaterik idazle izaten ikasteko. Horretan, Erromantizismoak agindu zuen. Nola hitzaren artea jainkotiarra zen, eta nola literatura dibinitatearen ahotsa bihurtu zen munduan, nolatan irakatsi aukeraturikoentzako zen artea? Literatura erlijioaren pareko bihurturik, nolatan irakatsi inspirazioak, edo lehenago esaten zen bezala, Goi arnasak ematen zuena? Idazketa kontuez aritzen diren Letren Fakultateek ez dituzte idazleak hazten, filologo, kritiko, literaturaren historiagile edo hizkuntzalariak baino.

Mila aldiz errepikatu denez, teoria hori literatura egitea norberaren lanaren fruitu bihurtu da. Ez zen horrela gertatu beste arteekin: nonahi dira dantza, marrazkia, pintura, musika, komikia eta diseinua egiten ikasteko eskolak, eta fakultateak. Gurean bertso eskolek ere arrakasta handia izan dute. Kazetaritza Fakultateak ez aipatze arren.

Idazle izatearen kutsu erlijiosoa gain behera etorri den heinean sortu dira Sortze Idazketaren eskolak. Eta horren harira argitaratu dira idazlea izaten irakasten duten esku liburuak. Horrelako bat da gaur aipatu nahi dudan liburu bitxia, bitxien artean bitxirik badago… Silvia Adela Kohan da egilea eta 'Los 65 errores más frecuentes del escritor' du izenburua.

Zer dela eta 65 akats eta ez gehiago? Auskalo. Zeren badakigu, egileak diosku, askoz gehiago direla eta zenbaki magiko horretan utzi dituela bere bizitza profesionalean maiz aurkitu dituenak direlako. Bere curriculumari erreparatuz gero, berehala konturatuko gara idazleen auto laguntzarako liburu asko argitaratu dituela.

Irudiko luke idazketarako errezeta bilduma dela hau. Baina ez da guztiz horrela. Liburuak sentipen kontraesankor bi sortu dizkit, alde batetik ezinarena, eta bestetik irriarena. Eta azalduko ditut.

Norberaren hutsak aztertzeko orduan, eta zehazki ordenaturik (kasu larriak, konponketak, zure lana egiteko ordua) dauden kapituluen bukaeretan hainbat idazle entzutetsuek akatsa nola konpondu duten azaldu du Silvia Adela Kohanek, eta noski!, ni bezain kaskar ari den bati azaltzen bazaio García Márquezek, edo Borgesek, edo (maila hain altu ez jartze arren) Bernard Malamudek bukaerak nola asmatu dituzten, edo erakusten bazaio ikuspuntua nola erabili duen Carverrek, edo irakasten badiote matizazioa nola ageri den Rulforen lanetan, bada, kaskarrari beldurra sartzen zaio, jakin badakielako ezinezkoa izango zaiola Txekhov izatea, eta tramak hark bezain ongi jostea. Liburuaren azalak ere, zenbait kanposantu zaharretan jartzen zen esaldiaren antzera, abisua eman du: «Maisu lana lortzeko ez baduzu idazten, alferrik zabiltza». Larregi idazle jaioberrirako!

Irria ere ez dago urrun. Hartu akats bat, demagun 10.a: «XIX. mendeko narratzailea erabili»; edo 19.a: «Harmoniarik gabe ez dago egitura zuzenik»; edo espazioa kontuan hartu duen 36.a: «Historiaren espazioa ez da ongi ageri» eta zehaztapenak eman ditu egileak: «Tokia ez da ongi aukeratu, pertsonaia ez da denbora jakin batean kronologikoki ageri», «Tokia eta pertsonaiaren jarrerak ez dira ongi lotu», edo urrun joan gabe, 43.a: «Tramarentzako esanguratsuak ez diren objektuak aipatu», eta jokoa, pixka bat maltzurra izanez gero, zera da: ea asmatzen dugun zein euskal idazlek egin duen akats hori. Noski, hobe bizirik ez direnekin aritzea joko horretan, bestela zeharo arriskutsua bihur daiteke jokalariarentzat.

Imajinazioa luzea da eta liburu honek horretarako eta gehiagorako ematen du bere orrialdeetan zehar.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos