https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ibilbide zaharraren ospe berritua

Arrain Azoka, aurreko edizio batean./J. Alemany
Arrain Azoka, aurreko edizio batean. / J. Alemany

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea Bermeoko helmugara helduko da gaur Arrain Azokako ekintzekin bat egiteko

AMALIA IBARGUTXI

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea helmugara helduko da gaur. Oion (Araba) eta Bermeo lotzen dituen 169 kilometroak egin eta gero, Bermeoko Kurtzio auzoan amaituko da ibilbidea. Bertan, Arrain Azokako ekintzen baitan, ongietorria antolatu dute azken metroak egiteko. Halaber, gaurko irteeran parte hartzeko deia egin diete herritarrei antolatzaileek, ez baitago gehienezko parte-hartzaile kopururik.

Arratsaldeko 13:00etarako dago aurreikusita ibilaldiko parte-hartzaileen harrera eta, jarraian, kalejira egingo dute Lamera parkeraino. Han, bat egingo dute Ibilbideak eta Arrain Azokak. Sollube 707 Mendizale taldeak eta Arroyabe kontserba enpresak azaldu dutenez, parte-hartzaileek bidelagun izango dituzte Bermeoko erraldoiak, dultzaineroak eta bertaratutako herritarrak.

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbideko zazpi etapak burutu dituzten kideak saritzeko diploma banaketa egingo dute orduan, Bermeoko alkatea eta Sollube 707, Arroyabe eta Bujandako ordezkariak han izango direlarik, besteak beste. Jarraian, ardoaren eta arrainaren arteko maridaje-kata bat izango da, eta ondoren herri-bazkaria egingo Bermeoko kaian.

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea (GR-38) Araba eta Bizkaia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen dituen bide historikoa da, ardoa eta arrainaz gain, garia, gatza eta ozpina bezalako lehengaiak ere kostaldearen eta barrualdearen artean garraiatzeko erabili izan zutena mendeetan zehar.

Oionen hasi zuten ibilbidea, otsailaren 18an, eta Bermeon bukatuko dute, gaur. Garai batean izan zuen ospea itzuli nahi diote horrela bideari, ibiltari berriekin. Oiondik abiatu eta Biasterirantz doa, mahasti arteko bideetan zehar. Gero Toloño Mendia, Okinako haitzartea, Arabako Lautada, Legutio eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatzen dira Bermeora heldu arte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos