https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ana Ibañez eta Dani Martirenaren 'Cosimoren katiuskak' albumak irabazi du Etxepare saria

Epaimahaiak azpimarratu du «adi» irakurri beharreko lana dela: «Gogoetarako kontakizuna da gaur saritzen ari garen obra hau, testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak... euskal idazle eta ilustratzaileen maila handia ondo baino hobeto erakusten du»

AMALIA IBARGUTXI

Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileek irabazi dute aurtengo Etxepare saria 'Cosimoren katiuskak' albumarekin. Bertan, Cosimo eta parke txiki bat dira protagonista: Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Haurrei zuzenduriko album ilustratuen lehiaketa da, testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanena.

Egileek Italo Calvinoren 'Il barone rampante' liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak emanez eta, Etxeparek jakinarazi duenez, «gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena ere barreiatuz». Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten lehen bi edizioetan. 2006tik aurrera, haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin, eta geroago, 20019an, sari. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortutako lanak. Antolatzaileak Nafarroako entitate batzuk dira, zenbait Udaletako euskara zerbitzuak, gehienbat.

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Asun Agiriano haur liburuzainak osatu dute sarira aurkeztutako 19 lanen artean hautatzeko epaimahaia. Sari-ematearen arrazoien artetik obraren «xehetasunak» azpimarratu dituzte, besteak beste.

«Gogoetarako kontakizuna ere bada gaur saritzen ari garen obra hau, testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu. 'Cosimoren katiuskak' liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena», adierazi du epaimahaiak.

Albumak dituen ezaugarriek horien produkzioa asko garestitzen duenez, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan, eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, udazkenean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos