https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

HURRENGO GELDIALDIA

Durangoko Azokara joan naiz, urtero legez. Garai batean, lanera nindoan, baina azken urteotan, bazterrak nahasteko azaltzen naiz, aisialdiak ematen digun laxotasunaz

TXANI RODRÍGUEZ

Durangoko Azokara joan naiz, urtero legez. Garai batean, lanera nindoan, baina azken urteotan, bazterrak nahasteko azaltzen naiz, aisialdiak ematen digun laxotasunaz. Pablo Ibarluzeak zuzenduta eta Mikel Ayllonek idatzita 'Takoidun zapata gorria' antzezlana ikustea zen aurtengo plana, bai eta bazkari batera joatea ere, euskal emakume idazleekin. Eta horixe egin nuen. Egun ederra, pasa den larunbatekoa.

Urtero legez, Bilbon hartu nuen Durangora joateko autobusa. Ibilbidean zehar, solasalditxoak, irribarreak, larunbat goizeko kolonia emozionala. Palentinoan geldituta nengoen lagun batekin, eta noizean behin erlojuari begiratzen nion hitzordura berandu heltzearen beldur nintzelako. Antzezlana ikusteko justu-justu nenbilen.

Bilbotik atera, Basauri atzean utzi eta Galdakaora heldu ginen. Autobusak ospitalearen bidea hartu zuen eta geldialdi bat egin zuen hantxe. Berriketaldiak moteldu, eta autobusetik neke aurpegia zuten pertsona batzuk jaitsi ziren. Gero, ibilbidea jarraitu genuen, ospitalearen profilari bizkarra emanez.

Urtero legez, pentsamendu berbera etorri zitzaidan burura: zein zorte geurea geldialdi horretan jaisteko beharrik ez izateagatik. Atzean gelditzen ziren gaixotasuna, beldurra, galera eta ezintasunaren mehatxuak. Aurrera gindoazen, bai, baina enpatiari eutsi beharko geniokeela esan nion neure buruari. Hainbat kolektibok, hainbat erik, euren egoerak hobetzeko laguntza eskatzen digute eta hura geure geldialdia ez denez -oraingoz-, uste dut ez diegula erakusten behar duten elkartasun guztia. Durangora heldu nintzen gauza horietan pentsatzen. Baina autobusa Azokaren alboan gelditu zen. Lagunaren bila joan, eta Szenatokira abiatu ginen. Argiak itzali ziren. Igor Arzuagaren pianoaren notak entzun nituen. Haizea Parisek eta Jabi de la Ydalgak eszenatokia hartu zuten eta, bitartean, Galdakaoko ospitalearen geldialdia urrunduz joan zen, poliki-poliki. Argiak itzalita dauden bitartean dena da posible, baina denok dakigu piztuko direla berriro, atzean utzi ditugun geldialdi guztien errealitate bazterrezina begi-bistan utziz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos