https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Huaweik bere sistema eragile propioa kaleratu berri du

Huaweik bere sistema eragile propioa kaleratu berri du

HarmonyOS deiturikoak AEBetako blokeoari aurre egitea bilatuko du

UNAI SARRIUGARTE

Huaweik bere sistema eragile propioa kaleratu berri du. Egun munduan mugikor gehien saltzen dituen bigarren konpainiak HarmonyOS aurkeztu berri du. Honen bitartez neurri batean AEBetako teknologiatik askatzea lortzea bilatuko du. Espainian mugikor gehien saltzen dituen korporazioa da egun.

Huaweiren smartphonek Googleren Android sistema eragilea darabilte. Konpainiaren zuzendariek iragarri dutenez hura erabiltzen jarraitzeko asmoa dute oraingoz. Egun munduko sakelakoen %85ek darabilte Android sistema eragilea.

Edonola ere, maiatzean iragarri genuenez Estatu Batuetako Gobernuak Huawei bere zerrenda beltzean du pasa den maiatzetik, eta harrezkero Googlek ez dio bere teknologiarik saltzen Huaweiri. Hortaz, Txinako enpresak blokeoari aurre egingo dio HarmonyOS sistema eragile berriaren bitartez.

HarmonyOS beste zenbait gailutan jarriko du abian konpainia txinatarrak mugikorretan martxan jarri baino lehen: erlojuetan, bozgorailuetan eta telebistetan besteak beste. Huaweiren aurtengo erronka nagusia eskuko telefonoen munduko ekoizlerik handiena bilakatzea da. Baina, hauxe ezinezkoa izango da, AEBetako Gobernuak hartutako zigorren ondorioz.

Googlek ez ezik, Estatu Batuetako prozesadore ekoizle nagusiek: Intel, Qualcomm, Xilinx edota Broadcomek ere, betoa jarri diote Huaweiri. Ekoizle bakoitzak zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkio korporazio txinatarrari: Intel Huaweiren prozesadore hornitzaile nagusia da, Qualcommek prozesadoreak eta modemak ekoizten ditu Huaweirentzat, Xilinxek txip programagarriak egiten ditu, eta Broadcomek, berriz, kommutazio txipak.