https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Housing First' izeneko kanpainari esker Finlandian kalean bizi diren pertsonen kopurua %35 murriztu da

'Housing First' izeneko kanpainari esker Finlandian kalean bizi diren pertsonen kopurua %35 murriztu da

Ekimen hauxe Pathways Housing First izeneko estatubatuar mugimenduan oinarritua dago

UNAI SARRIUGARTE

'Housing First' izeneko kanpainari esker Finlandian kalean bizi diren pertsonen kopurua %35 murriztu da. Izan ere, egitasmo honek kalean bizi den edonori etxebizitza bat eskaintze dio, edonolako eskaerarik gabe. Ekimen hauxe Pathways Housing First izeneko estatubatuar mugimenduan oinarritua dago. Honi esker Finlandiako gobernuak 1.345 pertsona kalean bizitzea saihestu du.

Programa honi esker egun Helsinkin ez da inor kale gorrian bizi eta 2027. urterako kalean pertsona bat bera ere ez geratzea da helburua. Aipatu dugunez ez da edonolako baldintzarik ezartzen etxebizitza hau eskuratzeko. Maila ertaineko auzoetan egon ohi dira azpiegitura hauexek eta onuradunak behartuta daude alokairua ordaintzera. Edonola ere, hauxe ez da eragozpen bat eurentzat, estatuak finlandiarrei banatzen dizkieten laguntza ekonomikoekin ordaindu baitezakete alokairua.

Housing Firsteko sortzailea den Sam Tsemberisek gaineratu duenez: «egitasmo honen gakoa pertenentzia sentimendu bat sortzea da». Hauxe, etxebizitzan eta buzoian errentariaren izena jarriaz lortu daiteke esaterako. Programaren sortzaileak nabarmendu duenez: «horrelako detaile txikiek pertsonak gizatiartzen dituzte eta euren bizitza aldatzeko indarrak ematen dizkie».

Halaber, astean behin etxebizitza hauen errentariek estatuko gizarte langintzako pertsona baten bisita jasotzen dute eta baita gaixotasun mental eta adikzioetan espezializatutako langile baten bisita ere. Profesional hauek gizarteratzen laguntzen diete programan esku hartzen duten pertsonei. Egitasmoak arrakasta izugarria izan du herrialdean. Egun nazioarteko beste herrialdeetan kalean bizi diren pertsonen kopurua goraka doan bitartean, Finlandian beheraka doa.

Euskal Autonomia Erkidegoan esaterako azken urteotan kalean bizi den pertsonen kopuruak nabarmenki egin du gora. Azken bi urteotan 274 pertsonatik 435 pertsonara igaro da zifra. Kopurua batez ere hiru lurralde historietako bi hiriburutan eman da. Bilbon 112tik 211ra pasa da etxerik ez dutenen kopurua. Donostian, berriz, 48tik 106ra igaro da. Generoari dagokionez, 390 gizonezkoak dira eta gainerakoak emakumezkoak edota identifikatu ezin izan dituzten pertsonak dira.