https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Hogei urte' proiektua, Euskaldunaren irisgarritasuna eta joan-etorriak hobetzeko

Euskalduna jauregia./Bernardo Corral
Euskalduna jauregia. / Bernardo Corral

Uztailean eta abuztuan, Auditoriumerako irisgarritasuna hobetzeari eta atarien arteko komunikazioari dagozkien lanak egingo dira

EL CORREO

Euskalduna jauregia bere 20. urteurrena ospatzen hasi da eta aurreko astean 'Hogei urte' proiektua aurkeztu zuen. Ekitaldietara doazen pertsonen irisgarritasuna eta joan-etorriak hobetzeko datozen hilabeteetan egingo diren jarduketak bildu ditu jauregiak proiektu horretan. Lanek 2.856.214 euroko aurrekontua dute, eta hainbat fasetan egingo dira.

Uztailean eta abuztuan, Auditoriumerako irisgarritasuna hobetzeari eta atarien arteko komunikazioari dagozkien lanak egingo dira. Horretarako, lau eskailera tarte eta bi arrapala eraitsiko dira eta horien ordez sei eskailera mekaniko instalatu, Kongresu Atari berria sortuz.

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Andoni Aldekoa Euskalduna jauregiko zuzendari nagusiak eta proiektuaren egilea den Federico Soriano arkitektoak, ostiralean Euskaldunan bertan azaldu zutenez, 'Hogei urte'jarduketa horri esker, Euskalduna barruko mugikortasuna nabarmen hobetuko da, bi aldetik: alde batetik, zabalgune nagusiko sarrerako ateetatik irisgarritasun azkarragoa emanez eraikineko beheko solairura; bestetik, sarbideko atetik Auditoriumera eta zabalguneko sarrerako ateetara eta alderantziz sarbide zuzenerako eta azkarrerako aukera emanez.

Eraisketa, zimendatze, igeltsaritza eta estaldura lanak amaitu ondoren, bi eskailerako hiru tarte instalatuko dira, jauregian antolatzen diren ekitaldietara doazenen joan-etorria azkartzeko. Euskaldunaren «iraganaren eta etorkizunaren arteko tartea» markatuko dute, irudi eta operatibitate mailan. Lan horietan 1,8 milioi euro baino gehiago inbertituko dira.

Bestalde, Euskaldunak 2019an aurreikusten duen beste lanetako bat 'Lorategi ingelesa' negutegiaren gaikuntza da. Eneko Bilbao jatetxearen gainean egongo den kota erdiko erabilera anitzeko gunea izango da hau. Orain arte erabilerarik ez zuen gunea baliatzen duen terraza estali berriko egikaritze lotearen barruan beste bi ekintza jasotzen dira: E Aretoaren zaharberritzea eta larrialdietarako beste irteera bat Hall Barrian, gune horren leku kopurua handitu ahal izateko. Hiru jarduketa horiek 840.000 eurotik gorako aurrekontua dute, eta aurreikuspenak betetzen badira, 90 egun beharko dira egiteko.

Azkenik, Euskalduna jauregiak hobekuntzak egingo ditu VIP Aretoan eta Kontseilu Aretoan. Lan horietarako 60 egun beharko direla aurreikusi dute, eta inbertsioa 180.000 eurotik gorakoa izango da.

Izendapen beriak

Hori nahikoa ez balitz, brontzearen familia kromatikoan eta errazago irakurtzeko aukera ematen duen palo lehorreko tipografian oinarrituta dauden seinale berriak aplikatzea ere aurreikusi du 'Hogei urte' proiektuak. Ikonografiari dagokionez, ulermen unibertsaleko familia osoa garatu da. Dena den, testua ere eraman behar duenean, hiru hizkuntzatan joango da: euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.

Beste alde batetik, izen berriak emango zaizkie Auditoriumeko hainbat lekuri. Horrela, bederatzi izendapen izatetik lau izatera igaroko dira. Helburua guneak sinplifikatzea da, ekitaldietara joaten direnen sarbidea eta joan-etorriak errazteko. Sarrerako txarteletan ematen den informazioa ere hobetu nahi da, gaur egun sarbideko hainbat ate eskaintzen baitira gune bakoitzerako.

Halaber, orain arte bezala jarraituko da zenbakiekin: gune eta besaulki bikoitiak agertokira begira eskuinaldean daudenentzat, eta gune eta besaulki bakoitiak agertokira begira ezkerraldean daudenentzat.

Digitalizazioaren aldeko apustua

Bestalde, solairuen zenbakiak aldatuko dira. Merkataritza gaitasun handiagoa lortze aldera, itsasadarraren mailak zero kota markatuko du hemendik aurrera eta orain arte zenbakitu gabe zeuden bitarteko solairuak zenbakituko dira. Horrela, eraikineko areto guztien izena aldatuko da eta erreferentzia nagusitzat hartuko dira solairuaren zenbakia eta letra bat, kokapenaren araberako ordena alfabetikoan.

Azkenik, datozen hilabeteetan, Euskaldunak aurrerapausoa emango du digitalizazioaren aldeko apustuan, kanpoan zortzi pantaila finko eta barruan pantaila mugikor sistema bat instalatuz. Gailu horiek jauregiaren kanpoaldean eta barrualdeko sarbideetan eta joan-etorrietarako lekuetan jarriko dira (kasu horretan, bertara doazenen sarbidea eta joan-etorriak errazteko).