https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hobi batetik 1936ko kolpe militarreko bi gorpu atera dituzte Nafarroan

Erriberako bi jornalari direla uste dute, eta horietako bat, gainera, oso gaztea, 18 urte inguruko mutila. ADN frogen bidez, bi lagunen identitateak argitzeko lan egingo du Aranzadik

AMALIA IBARGUTXI

Bi gorpu atera dituzte lurpetik, Artaizko (Nafarroa) hobi batetik. Aranzadi Zientzia Elkarteko lantalde batek egin du aurkikuntza, eta jakinarazi dutenaren arabera, 1936ko kolpe militarreko bi biktimen gorpuzkiak dira.

Izen-abizenik ez diete jarri oraindik aurkitutako gorpuei, baina Untzitiko Udalak hilketen garaian sortu zuen dokumentu batek adierazten duenez, Erriberako bi jornalari izango lirateke, eta horietako bat, gainera, oso gaztea, 18 urte inguruko mutila, hain zuzen. Antzeko kasuetako protokoloa jarraituz, ADN frogen bidez, bi lagunen identitateak argitzeko lan egingo du Aranzadik.

Nafarroako Gobernuak martxan jarritako memoria historikoaren aldeko programa baten baitan burutu dituzte indusketa lanok, eta orain arte, guztira, 74 gorpu berreskuratu dituzte lur azpitik programa horri esker. Horietako 21 identifikatu egin dituzte, eta beraien familiek jaso ahal izan dituzte.

Erakunde eta bizilagunen laguntzak ahalbidetu du aurkikuntza, Foru Gobernuak jakinarazi duenez. Zehazki, memoria historikorako Nafarroako biktimen AFFNA36 erakundearen eta tokiko bizilagunen lanak. Pasa den ostegunean, abuztuaren 16an, Cabredon ere jardun ziren azterketa lanetan, tokiko bizilagunen eta udalaren elkarlanari esker, eta «beste indusketa lanetatik eratorritako zailtasunak direla eta», gorpurik aurkitu ez bazuten ere, Nafarroako Gobernuak nabarmendu nahi izan du «eskaini dituzten bizilagun horien testigantzen garrantzia» Nafarroako hobiak aurkitu eta bertan lurperatutako kolpe militarreko biktimei eta euren familiei dagozkien egia argitara emateko.

Artaitz Untzitibarreko kontzejua da, Nafarroan. 1936ko abuztuan erail zituzten biktimak lurpetik atera dituzten unean, Ana Ollo Herri eta Erakundeen Erlazio arduraduna bertaratu da Aranzadiko kideak lanean aritu diren lekura. Nazioarteko gazte taldea aritu da Paco Etxeberria antropologoarekin batera indusketa lanetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos