https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiztun berriak deskubritzen

Ahobizi eta belarriprest txapak./José Usoz
Ahobizi eta belarriprest txapak. / José Usoz
Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Harritu egin naiz Taniak, egunkariko diseinatzaile eta lagunak testu bat maketatzen genuen bitartean euskaraz egin didanean. Berdin gertatu zait Maríarekin; ahobizi dela deskubritu dut eta euskarazko solasaldi berezia eskaini dit igogailuan, hamar urtean lehenengo aldiz. Deustuko Erriberatik korrika egiten nenbilela, Libe ikusi dut txapa jertsean jantzita, ibaitik hurbil. Eta azken egunetan etxe ondoko okinari euskaraz egin badiot ere, oraindik ez daukat argi zer den: belarriprest edo ahobizi.

34 urteko kazetaria nauzue, eta normalean gaztelaniaz hitz egiten dut. Euskararekin daukadan harremana Deustuko ikastolan hasi zen, eta, hortik aurrera, klaseetan hizkuntza horretan baino ez dut egin.

Lanbideari zor diot hizkuntzarekin mantendu dudan harreman estua. Berezia sentitzea ahalbidetu dit. Pozik sentitzen naiz euskaraz mintzatu, idatzi zein elkarrizketa bat egiten dudanean. Sentitzen dudana deskribatu ezin.

Argi daukat baita ere bi hizkuntzak ondo menperatzeagatik euskal gizartearen alde guztiak ondo ezagutzen ditudala. Eta bertsozale sutsua ez banaiz ere, benetan gozatu nuen Maialen Lujanbio txapeldunaren bertsoekin.

Inoiz ez ditut ahaztuko Negu Gorriak eta Etsaiak taldeen abestiak. Animatu egin izan naute beti. Eta bidaiatzen dudanean, hizkuntza kode sekretu lez erabiltzen dut; zer esaten dudan albokoak ez dezala jakin.

Bakaikuko barnetegian bizi izandako esperientzia etorri zait gaur burura. Pozik gogoratu dut EGA titulua gainditu nuela emaztearekin. Haurtzaroan benetan gustoko nuen Dragoi Bola, eta amamaren hitz gozoak bihotzean gordetzen ditut beti.

Euskara euskaldunon altxor preindoeuroparra dela jakinda bilakatu naiz ni ahobizi. Ea Euskaraldiak euskara modu naturalean erabiltzeko balio izaten duen. Hamaika egunetako proiektu politari ez iezaiozu mesedez ihes egiten utzi.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos