Manuel Lekuona sarietarako hautagaia izateaz gain, Andragunetik lan egiten du interneten genero arrakala murrizteko eta euskararen presentzia handitzeko
NAHIKARI CAYADO
DURANGO
Martes, 22 de noviembre 2022
Wikiemakumeok proiektuaren helburu nagusiak emakumea ikusaraztea, Interneten genero-arrakala murriztea eta euskararen presentzia handitzea dira. Durangon bada informazioa biltzeko eta atzoko eta gaurko emakume erreferenteen profilak sareetan ezagutarazteko taldea. Marisa Barrenak gidatzen du, aurtengo Manuel Lekuona sarietarako hautagaia izandakoa dena. Bere burua euskararen aldeko militante bezala definitzen du eta hizkuntza, Euskaraldiaz haratago, egunero erabiltzera animatzen ditu herritarrak. «Hizkuntza denak dira zailak, eta erabili ezik erraz galtzen dira», dio.
-Euskararekiko daukazun harremana oso estua da. Zer suposatzen du hizkuntza horrek zuretzako?
-Euskara nire ama hizkuntza da, nire identitatea. Maite dut eta ez nuke inolaz ere galtzerik nahi. Nire ustez hizkuntza guztiak dira altxorrak, eta euskara da gurea. Zaindu egin behar dugu. Zer esango dizut nik ba, 20 urte nituenetik bainaiz euskararen aldeko militantea.
-2022ko Manuel Lekuona sarietarako hautagaia izan zara. Nola jaso zenuen berria?
-Hautagaitzan geratu naiz bakarrik, baina hala ere ohore handia izan da. Sorpresa itzela izan zen niretzat hautagaia nintzela jakitea. Begira, ohera joan aurretik Twitter sare sozialari azken begirada bat eman nahi izan nion. Bat-batean 2022ko Manuel Lekuona sarietarako hautagaien albistea agertu zitzaidan. Begira geratu nintzen eta nire barrurako pentsatu nuen: «Emakume honek nire antza dauka». Sorpresa izan zen. Oso pozik nago hautagaia izanagatik. Eta ohore handia da niretzat norbaitek nire izena proposatu izana saria irabazteko. Haiei eskerrak eman nahi dizkiet, ohore handia da benetan.
-Enkarni Genuak eraman du saria azkenean.
-Nik betidanik mirestu izan dut Enkarni Genua. Esan daiteke erreferentea izan dela niretzat. Gainera emakumea da, beraz asko pozten naiz saria berak eraman izanagatik. Banekien Manuel Lekuona saria irabaztea benetan zaila zela, izan ere, formakuntza handiko hautagaiak ziren guztiak. Horregatik diot benetan ohorea izan dela nire izena ere proposamenen artean izatea.
-Wikilariok ekimenaren aurrean zaude. Zertan datza?
-Wikiemakumeok bi helburu ditugu, interneten emakumeen presentzia handitzea eta euskara, gure hizkuntza, bistaratzea. Jakina denez, mundu mailako mugimendua da Wikipedia. 300 hizkuntzatan idazten da bertan, eta euskara 28-29 postuetan egon ohi da. Poztasun bat da hori guretzako. Azken finean, Euskal Herria txikia da eta euskara postu horietan kokatzea pozik eta arro egoteko modukoa da. Atsegin osoz egiten dugu lan bertan.
-Zeri buruz idazten duzue?
-Gehien bat, emakumeen profilak dira sortzen ditugunak, euskaraz. Begira, proiektu honetan hasi ginenean desoreka handia zegoen interneten, wikipedian, gizonen eta emakumeen arteko profilen artean. Datu batzuk aipatzearren, 2017an %13a bakarrik zen emakumeen presentzia. 2022an %24ra igotzea lortu da. Asko dira zenbaki horiek guretzat, gure ahaleginaren fruitua.
-Zenbat emakumeren profilak idatzi dituzue dagoeneko?
-Momentuz 2.325 profil daude euskaraz. Batzuk guk sortu ditugu baina beste asko itzulpenak izan dira. Izan ere, proiektuan parte hartu nahi dutenek gaztelaniaz idazteko aukera daukate ere, modu horretan, emakumeen ikusgarritasuna handitzen lagunduko dute ere.
-Nola antolatzen zarete?
-Gure kasuan, wikipediari buruzko formakuntza saio bat eman ondoren, ostiralero batzen gara Durangoko Andragunean. Hala ere, bertara hurbildu ezin direnek etxetik lan egin dezakete lasai asko. Joseba Sarrionandiak dio «inork agintzen ez didalako idazten dut idazten dudana», ba guk ondorengoa diogu, «inork agintzen ez digulako editatzen dugu». Engantxatu egiten du, benetan. Gustoa hartzen zaio. Erraza da gainera, eginez ikasten den zerbait da.
-Euskaraldian parte hartuko duzu. Zer deritzozu ekimen horren inguruan?
-Euskararen munduan egunero lanean ari garenak ez gara asko, eta noski, egiten diren ekimen guztietan parte hartu behar dugu. Euskaraldia oso ondo dago, baina nire ustez urte guztian eutsi behar zaio euskarari. Kanpainak irauten duenaz gain, egunero izan beharko genuke bai Ahobizi edo Belarriprest. Euskara zaindu beharra dago.
-Ahobizi edo Belarriprest?
-Ni Ahobizi naiz, baina ez bakarrik Euskaraldian. Izan ere, nire gaur egungo bizimoduan oso erraza izaten zait euskara hutsean bizitzea. Herritik mugitzen naiz eta bertako dendariek euskaraz dakite. Familian ere euskaraz hitz egiten dugu eta lagun artean berdin, euskaldunak gara denak. Lehen, lan egiten nuenean, zailagoa zen hori, noski, baina orain ez daukat arazorik, benetan diot. Nire inguruko hizkuntza da.
-Zer esango zenieke parte hartzera animatzen ez direnei?
-Nik ulertzen dut konpromiso hori hartzea zaila dela. Nire abiapuntua eta beste batena ezberdina izan daiteke. Izatez, eta esan bezala, nik euskara hutsean egin dezaket eta egiten dut nire eguneroko bizitza, baina hori ez da guztiz posible izaten askorentzat. Jendeak euskaraz hitz egiten eta hizkuntza maitatzen ikasi behar du, hori da lortu behar duguna, baina presionatu barik. Ez da inor behartu behar. Inori ez zaio gustatzen zerbait egitera behartua izatea. Hizkuntza denak dira zailak, eta erabili ezik errez galtzen dira. Horregatik hitz egin behar da euskaraz, ez galtzeko eta errazago egiteko bere erabilera.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.