https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Hizkuntza gutxituen biziberritzeak emakumearen ahalduntzeari egin diezaiokeen ekarpena» aztertuko dute

Garabide elkarteak mahai-ingurua antolatu du urriaren 19rako, Mondragon Unibertsitatearen Bilbao Berrikuntza Faktorian hizkuntza gutxituen biziberritzeari buruzko aditu ikastaroaren harira

AMALIA IBARGUTXI

Hizkuntza eta generoa gurutzatuta, emakumeen ahalduntzea areagotu ahal daiteke? Hizkuntza gutxituen biziberritzeari buruzko ikastaroa jasotzen ari dira nazioarteko 20 aktibista Garabide elkarteak antolatuta, eta bertan, eskola ordu eta euskararen alde lan egiten duten lagunak bertatik-bertara ezagutzeko bisitez gain, parte hartzen ari diren herrietako emakumeak gaiaren inguruko euren lanketa propioa burutzen ari dira azken hilabeteotan, generoa eta hizkuntza gurutzatzen diren gogoeta eta praktiken inguruko tailerren bidez.

Topaketaren testuinguruan, generoa eta hizkuntzaren inguruko elkarguneez «dezente hausnartzen ari gara mugimendu anitzetatik, baina hizkuntzaren biziberritze estrategietan ezarri nahi dugu fokua», azaldu dute erakunde antolatzailetik, eta gaineratu dute, euskararen biziberritze esperientzia abiapuntu bezala hartu eta emakumeen ahalduntzera begira atera daitezkeen ikasgaien inguruko ariketa ere egin nahi dutela Garabidetik. «Azken hamarkadetan egindako euskararen biziberritzetik, zein ikasgai atera dezakegu genero ikuspegitik? Nola lagundu diezaguke biziberritze estrategia honek emakumeon ahalduntzeari? Eta kontrara, zein ekarpen egin dakioke emakumeen ahalduntzeak hizkuntzaren biziberritzeari? Galdera horietatik abiatu nahi dugu gogoeta, datozen urteotara begira Garabiderentzat estrategiko gisa kokatu nahi den ildo honetan sakontzeko oinarri batzuk zehaztera begira».

Hasteko, mahai ingurua antolatu dute urriaren 19rako, ostiralerako, 17:00etatik 19:00etara Mondragon Unibertsitatearen Bilbao Berrikuntza Faktorian. Hitzordu horren helburua hizkuntzaz eta generoaz, «zapalkuntza anitzen inguruan hausnartzea» da. Halaber, «hizkuntza biziberritzeak emakumearen ahalduntzeari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko gakoak identifikatu, gogoeta partekatuak sustatu eta zapalkuntzaren irakurketa anitzetatik, elkarlanerako bideak eta ikuspuntu anitzak elkarlotzea» izango dute xede.

Hizketaldi horretan parte hartuko dute Lorea Agirre kazetari eta antropologoak; Suna Altun aktibista kurduak; Yazmin Novelo Yucantago maia aktibistak (Mexiko) eta Txerra Rodriguez soziolinguistak; dinamizatzaile lanak Iraitz Agirrek egingo ditu. Mahai-ingurua irekia izango da eta sarrera librea izango du. Hitzartzeak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta interpretazio zerbitzua eskainiko da bi hizkuntzetan.

Jardunaldiak hiru mugarri ditu, eta mahai-ingurua hirugarrena izango da. Lehenengoa, Euskararen biziberritze esperientziatik, emakumeen ahalduntzerako ikasgaiak identifikatzeko saioa. Euskararen biziberritze esperientzia ardatz gisa hartuta, egindako ibilbideari errepaso bat egin zaio, bilakaera honetan emakumeen ahalduntzerako interesgarriak izan daitezkeen praktika, gogoeta eta tresnak identifikatzeko. Era berean, emakumeen ahalduntze estrategiek hizkuntzaren biziberritzea nola elikatu dezaketen ere aztertu da, horretarako propioa antolatu den bilera batean.

Bigarren mugarria hizkuntza gutxituetako komunitateetako emakumeen arteko topaketa eta esperientzia trukaketa izango da, hilaren 19an, Bilbon. Lehen mugarri gisa izendatutako saioko ondorioak ere partekatuko dituzte.

Esperientzia praktiko interesgarri bat ezagutzera emateko, Euskal Herriko Mundu Martxako kideak gonbidatu dituguzte saio horretara. Saio itxia izango da, eta emakumezkoak izango dira guztiak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos