https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hizkuntza gutxiagotuen hiztunen eskubideak defendatzeko ituna sinatu dute

Akademia eta erakundeetako ordezkariak, erdian Andres Urrutia euskaltzainburua dutela, Iruñeako jardunaldian./
Akademia eta erakundeetako ordezkariak, erdian Andres Urrutia euskaltzainburua dutela, Iruñeako jardunaldian.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa egin dute Iruñean, eta bertan 19 hizlari elkartu dira, egoera zailean dauden Europako hizkuntzen oraina eta geroa aztertzeko. Gainera, kontinenteko zenbait hizkuntzaren ordezkariak ere bertaratu dira, saretu eta ituna sortzeko

AMALIA IBARGUTXI

Hizkuntza gutxiagotuen hiztunen eskubideak defendatzeko ituna bultzatu du Euskaltzaindiak. Europako hizkuntza akademia eta instituzioen arteko ituna babestu dutenen artean daude Andres Urrutia (Euskaltzaindia); Cor van der Meer (Fryske Akademy); Benoit Dazeas (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Henrique Monteagudo (Real Academia Galega); Joan Argenter (Institut d´Estudis Catalans); eta Elena Chiocchetti (EURAC - Institute for Applied Linguistics).

Bestalde, bukatu berri da Euskaltzaindiaren mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoa. Bi egun iraun ditu 'Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia'-k, eta 19 hizlari elkartu ditu hizkuntza gutxiagotuen oraina eta geroa aztertzeko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, bost zio edo arrazoiren inguruan sortu dute akordioa. Batetik, eremu urriko hizkuntzen batasuna babestekoa, nork bere hizkuntzan; besteak beste, ikerketa sustatuz, araudi lexiko gramatikalak ezarriz eta eguneratuz, eta hizkuntzan gizarte bilakaera begiratuz.

Bestalde, erakundeen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute, xede-helburuetan bat datozenez. Baita ere, hizkuntza biziberritzeko proiektuak nahiz esperientziak, ikerketak edo argitalpenak trukatu nahi dituzte.

Europako eremuaren barruan akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sarea eratzea da jaso duten hirugarren lan-ildoa; eta laugarrenik, funtsezko hizkuntza- eskubideak aldeztu eta begirunea bultzatzea behar duten herrialdeei elkartasuna adieraztea bermatuko dute. Azkenik, jaso dute ikerketa zientifikoak eta jakintza zabaltzeko erantzukizuna, eta kudeaketa proiektuak sustatzekoa ere bai.

Gainera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko hirugarren jardunaldi akademikoan, hizkuntza-eskubideei buruz egindako adierazpenak ('Euskaltzaindiaren Adierazpenak. 1976-2018') eta 'Hizkuntza-zuzenbidea-Testu-bilduma euskaraz' argitalpen elektroniko berriak sareratu dituzte. Bertan, botere publikoen betebeharrak eta araudia batzen dituzten idatzien sorta bateratu du Gotzon Loberak. «Segurtasun juridikoak errazten du erabilera, eta horregaik, tresnak erabilgarri jarri nahi izan dira, bai zuzenbide adituentzat bai eta herritar guztientzat ere».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos