https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hizkuntza gutxiagotuak hizpide, nazioarteko biltzarra ari dira egiten Iruñean

Hizkuntza gutxiagotuak hizpide, nazioarteko biltzarra ari dira egiten Iruñean
MITXEL ATRIO

'Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi' izenburuaren pean, Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon jardunaldia da da Baluartekoa. Hizlariak, kontzertua eta pare bat liburu-aurkezpen prestatu dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Hizkuntza gutxiagotuei buruzko ikuspegia lantzeko nazioarteko biltzarra ari da egiten Euskaltzaindia Iruñean egun osoz, eta bihar arte ere luzatuko da 'Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia'. Baionako solasaldiaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ostean, mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa da Baluartekoa. Hizlarien hizketaldiez gain, hizkuntza gutxiagotuekin lan egiten duten hainbat akademia ere saretuko dituzte.

Guztira, Euskal Herriko eta nazioarteko 19 hizlarik parte hartuko dute. Mikel Zalbide euskaltzain osoak irekiko du biltzarra, Euskaltzaindiaren ehun urteko lana aletuz. 'Euskaltzaindiaren Adierazpenak (1976-2018)' eta 'Hizkuntza-zuzenbidea- Testu-bilduma euskaraz' argitaraldi elektronikoak aurkeztuko dira jardunaldian, eta Euskaltzaindiak hizkuntza gutxiagotuekin lan egiten duten hainbat akademiaren arteko sare sendoa osatzeko ere baliatu nahi dute biltzarra.

Nazioarteko adituen artean, besteak beste, ondokoek parte hartuko dute: Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d'Estudis Catalans), edo Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea). Akademia guzti horien elkargunea sortuko dute, aurrerantzean kezka komunak lantzeko helburuz.

Hitzaldiez gain, kontzertua ere eskainiko du Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzak, Paz de Ziganda helduen abesbatzarekin batera. Hilaren 18an, 20:00etan, egingo dute 'Mende Berria Kantuz' emanaldia, Baluarten bertan.