https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hizkuntza ez-hegemonikoek istorio unibertsalak konta ditzakete

'Handia' filmeko protagonistak, Zinemaldian./Luis Michelena
'Handia' filmeko protagonistak, Zinemaldian. / Luis Michelena

Estatu Batuetako Zine Akademiak 'Handia' hautatu du ingelesez egin ez diren filmen kategorian lehiatzeko, eta Donostiako Zinemaldiak Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako filmen saila ere sortu zuen iaz

AMALIA IBARGUTXI

Estatu Batuetako Zine Akademiak 'Handia' hautatu du ingelesez egin ez diren filmen kategorian lehiatzeko. 43 film artetik aukeratu dute, 'Todos lo saben' eta 'Campeones'-ekin batera, Espainiako zinemaren ordezkari izateko. Hiru horietatik bat izango da Hollywood-eko sari banaketa jaialdian. Iaz 'Loreak' filma ere hautatu zuen Akademiak, baina azkenean hautagaitzak ez zuen aurrera egin.

Gutxitutako hizkuntzek ere badute zer kontatu nazioartean. Ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako filmen sailean lehiatuko du Oscar Sarien 91. edizioan Jon Garaño eta Aitor Arregiren piezak. Euskaraz eginiko film bat azken lehian sartzen den bigarren aldia da, beraz. Gainera, ez da 'Handia' Estatu Batuetara helduko den lehen aldia. Ostiralean, Miamin ikusgai izango da Altzoko bizilagunaren istorio ezaguna jatorrizko bertsioan ingelesezko azpidatziekin. Jarraian, New York, Santa Barbara, Washington, Cleveland eta Seattleko zinema jaialdietan ikusi ahal izan dute Moriarti ekoiztetxearen filma. Gainera, areto komertzialetan ikusgai izango da.

Filmak XIX. mendean bizi izan zen Altzoko Handiaren istorioa kontatzen du, Migel Joakin Eleizegi gaztearena, hain zuzen. Lehen Karlistaldiaren garaian kokatzen da filma, Martin etxera itzuli eta anaia Joakinen tamaina handiaz jabetzean. Ahoz aho gaur arte biziraun duen istorio erreala da Altzoko Handiarena. Hizkuntzak ere ezin izan du mugatu istorioaren irismena.

Moriarti ekoiztetxeak jendartean bizi den sineskera ikusezin horietako bat ezabatzea lortu du: zinema ona eta arrakastatsua euskaraz egin daiteke. Donostiako Zinemaldiak ere, hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako saila estreinatu zuen duela pare bat urte. Glocal in Progress ekimenaren bigarren urtean, hiru zinemagileren azken lanak izango dira ikusgai. Pelin Esmer turkiarraren filma, Ignas Jonynas lituaniarrarena eta Tassos Gerakinis greziarrarena. Hirurak hizkuntza ez hegemonikoetan egindakoak dira, hau da, alemanez, errusieraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz filmatu ez direnak.

Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, eta, besteak beste, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzaileei aurkeztuko zaizkie, horiek amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten. Iaz, euskaraz filmatutako 'Handia'-k irabazi zuen Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia, eta errumanierazko ekoizpen batek, aldiz, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ('Pororoca'). Aurten, agian, beste muga bat gaindituko du euskarak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos