https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hirurogei euskal enpresa, ardogintzako ProWein azokan, Düsseldorfen

Euskal Herriko sagardo naturala, Arabako Errioxako ardoa eta txakolina nazioartera zabaltzea da helburua./Efe
Euskal Herriko sagardo naturala, Arabako Errioxako ardoa eta txakolina nazioartera zabaltzea da helburua. / Efe

Ardogintzaren sektorerako mundu mailan egiten den ekitaldirik garrantzitsuena da

EL CORREO

Alemaniako Düsseldorf hirian ProWein Ardo eta Alkoholdun Edarien Nazioarteko Azoka egingo da, igandetik asteartera, martxoaren 17tik 19ra, eta ardogintzaren sektoreko 60 euskal enpresa baino gehiago izango dira bertan, Euskal Herriko sagardo naturala nazioartera zabaltzeko Arabako Errioxako ardoekin eta txakolinarekin batera .

ProWein azoka mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako mundu mailan egiten den ekitaldirik garrantzitsuena da, eta Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, urtetik urtera gero eta euskal upategi gehiagok eskatzen dute bertara joatea.

Izan ere, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, nekazaritzako elikagaien euskal industria nazioartekotzeko eta sustatzeko duen Euskadi Basque Country estrategiaren barruan, euskal enpresa parte hartzaileetako 49ren bertaratzea antolatu du, Euskadi Basque Country markaren barruan talde moduan parte hartuz. Iaz baino bost gehiago dira horrela azokan parte hartuko dutenak.

Zehazki, Arabako Errioxako 38 upategik, Getariako txakolinaren zazpik, Bizkaiko txakolinaren bik, Arabako txakolinaren batek eta sagardotegi batek parte hartuko dute azokan Euskadi Basque Country standaren barruan, eta ikusgai jarriko dituzte beren produktuak. Erakusgunea 290 metro koadrokoa da eta azokaren 10 zenbakiko pabiloian egongo da.

Azoka profesionalei zuzenduta dago esklusiboki, eta bertara doazen bisitariak banaketa kanal guztietako erosle adituak dira (handizkariak, ostalaritzako industria, catering, txikizkari espezializatuak, inportatzaileak, banaketa kate handiak eta abar). Ardogintzaren sektoreko nobedaderik nagusienak egongo dira Düsseldorfen: erakusketa berezi, mintegi eta klase magistralen bitartez, bisitariek sektorean dauden azken joera nagusiak ezagutu ahal izango dituzte edo ardogileei zuzenean jakinarazi beraiek bilatzen dutena.

Temas

Euskera