https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiru urtetik hona %27 handiagotu da ikasle atzerritarren kopurua Euskal Herriko Unibertsitatean

Atzerritarrak, Leioako campusean./Manu Cecilio
Atzerritarrak, Leioako campusean. / Manu Cecilio

Aurtengo ikasturtean nazioarteko 2.307 ikasle izan dira EHUk hiru probintzietan sakabanatuta dituen fakultateetan

UNAI SARRIUGARTE 

Hiru urtetik hona %27 handiagotu da ikasle atzerritarren kopurua Euskal Herriko Unibertsitatean. Azken ikasturte honetan nazioarteko 2.307 ikasle izan dira EHUk hiru probintzietan sakabanatuta dituen fakultateetan. 899 gradua ikasten egon dira, 638 masterren bat kurtsatzen eta 770, berriz, doktoretza egiten. Datuok Nekane Balluerka errektoreak eman zituen astearte honetan Nazioartekotze Estrategia aurkezteko Bilbon egindako agerraldian.

Mugikortasun programetan EHUk ere emaitza onak lortu dituela helarazi zuen errektoreak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateak 1.100 mugikortasun hitzarmen baino gehiago ditu abian 51 herrialdetako unibertsitateekin. Nazioarteko mugikortasun programei esker, 1.674 ikasle joan dira 2018-2019 ikasturtean atzerrira. 2016. urtearekin alderatuz gero, %17 gehiago. Era berean, 1.242 ikasle etorri egin dira bertara, 2016. urtean baino %33 gehiago.

Gaur egun, gradu ezberdinetako 817 ikasgai eta masterreko 360 eskaintzen dituzte euskara edo gaztelania ez den hizkuntza batean. Gainera, irakasleen %40 inguruk dute C1 maila hirugarren hizkuntza batean. Zenbait graduondoko dagoeneko osorik ingelesez eskaintzen dituzte, eta 2020an iritsiko da lehen gradua: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzari deritzona.

Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateak 102 proiektu jarri ditu martxan Europako Batasunaren Horizon2020 ekimenaren barnean, horietako hamahirutan liderra izanik. Ikerlanen nazioartekotzea lortzeko honako akibitate hauek jarri dituzte abian: batetik, produkzio zientifikoa ADDI erakunde gordailuan sartzea; eta, bestetik, ikertzaileei argitalpen irekiei buruzko prestakuntza eskaintzea.

Egun EHU munduko 20.000 unibertsitateen artean, 400. postuan dago. Nekane Balluerkak gaineratu duenez: «hauexek datu onak dira, baina ez dugu autokonplazentzian erori behar: asko dugu hobetzeko, eta horregatik diseinatu dugu eta jarri dugu martxan estrategia hau».

Temas

Upv, Euskera