https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiru milioi euro gehiago, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko

Hitzarmen berriaren aurkezpena, atzo, Donostian./Irekia
Hitzarmen berriaren aurkezpena, atzo, Donostian. / Irekia

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko hitzarmen berri bat aurkeztu zuten atzo, Donostian, euskal hizkuntzaren aldeko «apustu sendoa» aurrera eramateko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundiek eta Hekimen elkarteak sinatutako akordio honen bitartez, sinatzaileek azaldu zuten erakundeek euskarazko komunikabideen garrantzi estrategikoa aitortu egiten dutela. Izan ere, aurkeztutako eredu berri hau oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko. Hots, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago.

Bi urteko prozesuaren emaitza den hitzarmenaren lehen oinarria izan da euskararen sustapenean hedabide euskaldunek daukaten garrantziaren aitortza. Akordioaren jatorria 2017. urtearen hasieran dago, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak hedabide hauen etorkizunaren inguruko gogoeta bat abian jarri zutenean. Gero, Eusko Jaurlaritza bildu, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek ere bat egin dute gogoeta horretatik aterako planteamenduarekin. Jaurlaritzako iturrien arabera, sektorea egonkortzeko eta sendotzeko eredu berri bat bilatu da, komunikabide hauek ahalik eta egokien bete dezaten euskaraz informatzeko eta eduki interesgarriak sortzeko beren zeregina.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzarmenaren aurkezpenean azaldu zuenaren arabera,«Euskararen Agenda Estrategikoan nabarmentzen da euskarazko hedabideek duten garrantzia euskararen erabilera sustatzeko. Euskarazko hedabide publikoen ekarpen garrantzitsuaz gain, estrategikotzat hartzen dugu hedabide pribatuen lana euskaraz informatzeko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko bidean. Euskararen kalitatezko erabileraren ikuspegitik ere ekarpen nabarmena egiten dute. Hortaz, komunikabide hauen zereginaren aitortza horretatik abiatuta, ikusi genuen beharrezkoa zela orain arte genuen diru-laguntzen ereduan zenbait aldaketa sartzea. Gainontzeko euskal erakundeek diagnosia partekatu zutenez, adostasun bat bilatzeari ekin genion».

Jarraipen Batzordea, eredu berria zaintzeko

Esan bezala, bi urteko prozesuaren ostean, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Hekimen adostasun batera heldu dira. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek diruz laguntzen jarraituko dute euskarazko hedabideen jarduera, baina hemendik aurrera erakunde bakoitzak hedabide zehatz batzuk laguntzeko ardura hartuko du. Batetik, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiek beren lurraldeetako idatzizko hedabideak sustatzeko eta diruz laguntzeko ardura hartuko dute. Eusko Jaurlaritzak, bestetik, euskararen lurralde osoa hartzen duten izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak babestuko ditu, bai eta lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak ere.

Sinatzaileen arabera, beraz, eredu berri honek aldaketak ekarriko ditu erakundeek hedabideak laguntzeko egingo dituzten ekarpenen aldetik. Hitzarmenak diru-kopururik zehazten ez badu ere, erakundeek urtero 10,5 milioi euro jartzeko konpromisoa hartu dute 2019-2021 epealdirako, horietatik Jaurlaritzak 7,8 milioi euro jarriko ditu.

Aurkezpenean azaldu zuten ere bai erakundeek bideratuko dituzten diru-laguntza deialdiez gain, eredu berri honi jarraikiz Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko duela Berria euskarazko egunkariarekin. Hortaz aparte, Jarraipen Batzorde bat eratuko da eredu berri honen funtzionamendu egokia zainduko duena.