https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiru film luze eta lau labur hautatu dira ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak emateko lehen deialdian

Era berean, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko hiru laguntza esleitu dira, eta gidoiak idazteko bi diru-laguntza

I.AGOTE

Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzak emateko Udalaren lehen deialdi publikoan guztira hamabi laguntza eman dira, lau laguntza-ildotan: film luzeak ekoiztea, film laburrak ekoiztea, ikus-entzunezko proiektuak garatzea eta gidoiak idaztea. Agortu egin da erabilgarri zegoen 100.000 euroko zuzkidura, eta nabarmena izan da hautatu diren proiektuen kalitatea.

“Ekimen honen bitartez, maila lokalean ikus-entzunezkoen industrian lan egiten duten guztien aukerak areagotu nahi izan ditugu, sektore estrategikoa baita; izan ere, profesional handiak ditugu, eta ikaskuntza, enplegua eta talentua sustatu nahi ditugu bertan. Eman ditugun laguntzak pausu handia izango dira orain abiatzen ari diren proiektuentzat, eta bultzada bat dagoeneko aski aurreratuta daudenentzat”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Film luzeak ekoizteko berariazko laguntza-ildoak, zeinek 40.000 euroko zuzkidura baitzuen, zinema-aretoetan eskaintzeko diren hiru filmi laguntzeko aukera eman du; bi fikzio-filmak izango dira, eta hirugarrena, berriz, dokumentala.

Film laburrentzako diru-laguntzei dagokienez, lau izan dira laguntza ekonomikoa jaso dutenak. Erabilgarri zeuden 25.000 euroak banatzeko orduan, hainbat alderdi balioetsi dira, hala nola gidoiaren kalitatea, proiektuaren finantzaketa-maila eta interes orokorra, baita film laburra Gasteizen kokatuta egotea eta taldeko profesionalek hirian lan egitea ere.

Zinema eta telebistarako ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntza-ildoan, zeinek 25.000 euroko diru-kopurua baitzuen, hiru proiekturi eman zaie laguntza, dokumentalak eta fikzioa barne.

Azkenik, gidoiak idazteko laguntza-ildoak, zeinek 10.000 euroko zuzkidura baitzuen, zinema-gidoiak sortzeko bi proiektu garatzen laguntzeko aukera eman du. Originaltasuna eta tratamenduaren kalitatea izan dira proiektuak hautatzeko orduan bereziki kontuan izan diren alderdiak.

Ikus-entzunezko proiektuak garatzeko lehen udal laguntza-deialdia estrategia zabal baten parte da. Estrategia hori industria kulturalen arloa suspertzeko helburuarekin jarri zuen martxan Udal gobernuak legealdi hasieran, eta bertan kokatzen dira Film Office delakoaren bultzada berria, ikus-entzunezko sektoreari utzitako lokalak edota diseinu edo ilustrazioari egindako babes ekimenak, besteak beste.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos