https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hiru artista bizkaitarrek Japonian egindako artelanak, ikusgai Bilboko Berreginen museoan

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatua artistekin bildu zen./Bizkaiko Foru Aldundia
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatua artistekin bildu zen. / Bizkaiko Foru Aldundia

Ertibil Bizkaia 2018 saria eskuratu ondoren, Maria Muriedas, Maider Gonzalo eta Izaro Ieregiren lanak ikusteko aukera izango dute interesdunek

EL CORREO

'KAO. Lora, Sandia eta Printzesa' izeneko erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Berreginen museoan. Ertibil Bizkaia 2018 saria eskuratu ondoren, Maria Muriedas, Maider Gonzalo eta Izaro Ieregi artistek Japonian egindako arte egonaldian sorturiko artelanak aurkeztu dituzte bertan. Erakusketa jada dago ikusgai eta irailaren 1era arte ikusi ahalko da, eta Izaskun Araluzeak idatzitako testu bat, hiru poster eta postal bat ere bilduko ditu.

Hain zuzen, Maria Muriedasek Tokioko Youkobo Art Space gunean egin zuen egonaldia, Joshibi Arte eta Diseinu Unibertsitatearekin lankidetzan, eta Maider Gonzalok eta Izaro Ieregik Fukuokako Studio Kura estudioan. Joan den urteko ekainean, uztailean eta abuztuan egin zuten egonaldia.

Muriedasek 'Triple X' lana aurkeztuko du erakusketan, Gonzalok 'Dragoi formako makila hartu duen gizona' izenburukoa, eta Ieregik 'Txandal', 'Japan night album' eta 'Miyako' proiektuak.

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak aurkeztu du erakusketa, artistekin batera. Nabarmendu duenez, «Ertibil Bizkaia jada finkatutako ekimena da, 37 urte dituena, eta oraingoan aurrerapauso bat gehiago egin dugu, Bizkaiko talentua lurraldean sustatzeaz gain, nazioartean ere ikusgarri egitea».

«Bizkaiko Foru Aldundiak egonaldi artistiko hauekin nahi duena da artistek bizitako esperientzien bitartez lana hobetzea eta garapen profesionala izatea, eta, hala, kultura trukea sortzea. Azken finean, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea, artisten garapena lantzeko. Lurraldeko talentua sendotzeko eta hedatzeko beste ekimen bat da», azaldu du.

Temas

Euskera