https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herri Urrats, datorren maiatzaren 12an, Senperen

Herri Urrats, iazko edizioan./Juantxo Lusa
Herri Urrats, iazko edizioan. / Juantxo Lusa

'eLeKatuz, euskara ahotik ahora' lelopean, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko egunean festa giroa eta euskararen aldeko konpromisoa uztartuko dira

UNAI SARRIUGARTE

Herri Urrats, Ipar Eukal Herriko ikastolen eguna, datorren maiatzaren 12 an ospatuko da Senperen. Festa giroa eta euskararen aldeko aldarria uztartzea bilatuko da egun seinalatu honetan. Aurtengo edizioaren etekin ekonomikoak Baionako Estitxu Robles Kolegiora eta Bernat Etxepare Lizeora bideratuta joango dira.

Aurten egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek. Senpereko aintziraren inguruak 7 esparru ezberdinetan banatu dituzte, esparru bakoitzak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako baten izena darama. Era berean, bisitariek hainbat jardueraz eta ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: musika kontzertuak, bertsolariak, tirolina, jateko eta edateko esparruak, haurrentzako tailerrak etab.

LK da aurtengo Herri Urratsaren leloa, adierazpen ugari dituzten bi hizki. LK ,«eleka», mintzatuz, euskararen erabilera baita bultzatu nahi dena, ezagutzatik harago. L, 50 zenbaki erromatarretan, Seaskak aurten bete dituen urteak dira. K, pluralaren adierazle, ugaritzen jarraitzen duten ikastola eta ikasleei erreferentzia eginez. Gainera, L eta K hizkiek Lizeo eta Kolegio hitzei egiten diete erreferentzia.

Aurten Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, 4.000 ikasleren langa gainditu berri du. Iparralde osoan murgiltze eredua osoki eskaintzen duen sare bakarra da. Iparraldeko ikastolen sarea 34 ikastolak osatzen dute: lehen mailako 31 ikastolak, hiru kolegiok eta lizeoak. Elkarte honek, ondare kultural aberats bat igarotzeaz gaindi, ikasleak euskaraz mintzatzen, irakurtzen eta idazten irakastea du helburu.

Bestalde, Ekoardura bultzatu nahian dihardute jaialdiaren antolatzaileek. Hori dela bide, Herri Urrats «gertakari ekoarduradun» bilakatzen laguntzeko deia luzatu diete herritarrei. Urratsez urrats hondakin kopurua murriztea eta birziklapena sustatzea da helburua. Esate baterako, edalontziak etxetik eramatea edota bereizketa egiteko ontzi bereziak erabiltzea eskatu dute ekitaldiaren arduradunek.

Halaber, Herri Urratsen antolatzailea den Ihintza Bidartek esan duenez: «lehen mailatik harago joan da SEASKA». Era berean, Bidartek helarazi duenez urtero proiektu berriak sortzen dira eta guzti hori negoziatu eta finantzatu behar da, beraz horretarako Herri Urratsen beharra dute. Antolatzaileak dioenez Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera gutxi dago, izan ere, estatu frantsesari ez zaio batere gustatzen SEASKA eta horrexegatik, gobernuak oztopo asko ipintzen dituela nabarmendu du.